Baranda berrituak eta oinezkoentzako pasabide berria, Elantxoben
Talaiabide eta Hamalaubideko egurrezko barandak berritu ditu Elantxobeko Udalak. Bestalde, portuan oinezkoentzako pasabidea egiteko obrak abiatu ditu.
Elantxobeko Udalak amaitu ditu Halamaubide eta Talaiabideko egurrezko barandak berritzeko lanak. Abuztuan ipini zituzten abian paranden eraberritze obrak, eta 40.000 euroko aurrekontua erabili dute horiek egiteko. Talaiabideko umeen jolas parkeko zatia da amaitzeko dagoen eremu bakarra. Izan ere, espazio horretako baranden konponketa beharrak oraindik amaitu barik daude. Elantxobeko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du obra horiek egiterakoan. Hurrengo urtean, konponketa lanek jarraipena edukitzea aurreikusten dute udaletik; izan ere, Alarre auzoko barandak ere berritu gura dituzte.
Bestalde, hasita daude portuko sarrerako oinezkoentzako pasabidea egiten. Elantxobeko alkate Patxi Egurrolak adierazi duenaren arabera, egokitzapen obrak horiek “garrantzitsuak” dira: “Portuko sarreraren eta aldameneko etxeen artean, orain arte ez da oinezkoentzako pasabiderik egon eta, horrenbestez, duela zenbait urte hori konpontzeko ideien bila hasi ginen”. Pasabide hori egiteko lanak urtarrilean amaituta egotea espero dute udaletik, eta 350.000 euroko aurrekontua erabili dute horietarako. Pasabidea egiteko, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko Etxebizitza Saileko Irisgarritasun Arlora jo dute.