Asteburu biribila Nabarniz Jatetxearentzat: herriko 52. Zaldi Probetan garaile
Nabarniz Jatetxeak bigarrren urtez jarraian irabazi ditu Nabarnizko Zaldi Probak. Garaipen sendoa lortu dute etxean, hainbat ikusleren aurrean.
Nabarnizek 52. Zaldi Probak hartu ditu joan den asteburuan. Zapatutik astelehenera bitartean, maila handiko lehiaketa eduki dute herriko probalekuan, eta ikusleek ere kota horretan erantzun dute.
Nabarniz Jatetxeak, iazko garaileak, bere nagusitasuna berretsi du aurten, eta, 66 plaza lortuta, garaipen sendoa lortu zuen. Bigarren eta hirugarren postuan, hurrenez hurren, Mungiako Goieta taberna (61 plaza) eta Lemoizko Pastorena (54 eta 3/4) sailkatu ziren. Horien ostean, ondorengoak sailkatu ziren: Aulestiko Koba (52 plaza), Fikako Gartzia Alabak (47 eta 3/4) eta Samanoko (Kantabria) Jose Iturriaga (38 plaza).
Asteleheneko saioak erakarri zituen ikusle gehien: 133 sarrera. Zapatu-domekan, ostera, 118 eta 73 ikusle bertaratu ziren probalekura. Antolatzaileak “pozik” agertu dira ikusleen erantzunagaz.