Ospakizun beroa, ligako garaipena ospatzeko
Ligako zortzigarren garaipenaz gozatu dute Bermeon. Urdaibaiko arraunlariei harrera beroa egin diete bermeotarrek, Lameran.
Zazpi bandera eta 218 puntugaz nagusitu da ligan Urdaibai, azken estropadara arte Hondarribiarekin lehia bizia mantendu eta gero. Lan gogorra izan da denboraldian Bermeoko taldeko arraunlariek egin behar izan dutena, baina esfortzuak merezi izan du, eta ligako koroa eta irabazitako zazpi banderak herritarren aurrean erakusteko eta astintzeko aukera izan zuten atzo. Txalo zaparradagaz erantzun zieten bermeotarrek, Lamera betez.
Getariako estropadan sailkapenaren aurrean jarri ziren, eta Hondarribiaren akats baten ondorioz lortutako errenta mantendu dute azken estropadara arte; batzuetan, sailkapenean gertuago egon dira Ama Guadalupeko arraunlariak, baina momentuko tentsioei aurre egin diete Bou Bizkaiakoek, eta hiru puntugatik irabazi dute liga.
Irribarreak zituzten aurpegietan atzo Bermeo Urdaibai Arraun Taldeko arraunlariek, eta poztasuna zen nagusi bermeotarren artean. Txapeldunak, txapeldunak... oihu artean hartu zituzten arraunlariak Lameran.
Kontxako Banderaren garaipena ospatu zuten duela astebete, eta liga irabazteko erronka jarri zieten bermeotarrek. Eta hala egin dute. Aritz Abaroa Bermeoko alkateak Kontxako bandera, Bizkaiko zein Euskadiko Txapelketak eta Eusko Laben Liga irabaztearren zoriondu zituen arraunlariak: “Bermeotar guztien izenean, zorionak arraunlariei, baita klubean lanean ari diren guztiei ere. Izkutuan dauden horiei ere zorionak, izan ere, horiek barik ez zen posible izango lortu den guztia lortzea. Afizioari ere eskerrik asko, uda guztian zehar, astebururo, euren berotasuna eman dietelako arraunlariei”.
Iker Zabalak “gehiago ezin dela eskatu” adierazi zuen bermeotarren aurrean. “Urtea Itsosopetekue izan da. Arraunlariek lan asko egin dute, eta estropada askotan parte hartu dutenak ondo sentitzen dira. Baina goraipatu nahi ditut estropada gutxi egin dituzten horiek ere; izan ere, urte gogorra pasatu dute”. Entrenatzaileak adierazi zuen urtea “luzea” izaten dela parte hartze gutxi duten horientzat, denek gura dutelako entrenatu eta lehiatu; lehaitzen ez duten horientzako denboraldia “zaila” dela aitortu zuen.
Bermeoko estropada irabazi ez izanaz “penatuta” agertu zen Zabala, “eskuetan eduki” zutelako, eta onartu zuen “gehiago irabaztea” gustatuko litzaiekela, baina lortutakoaz pozik dago.
Datorren urteari begira.
Denboraldia amaitu bezain laster hasten dira batzuk hurrengoan pentsatzen. Hala ere, Zabalak “hankak lurrean” eduki behar direla adierazi zuen atzo, baita talde berdinagaz jarraitzeko asmoa duela iragarri ere. “Nire asmoa eta klubaren asmoa da arraunlari gehienak taldean mantentzea. Badakigu ez dela erraza izango, baina asmoa denek jarraitzea da. Ze, ikurrina asko ekarri ditugu, eta ziur nago talde honegaz arinago ibil gaitezkeela datorren urtean. Taldean jarraitzea irabazi dute”.
Mikel Oar Arteta bermeoko arraunlaria bigarren geratu da Espainiako Aulki Miugikor Txapelketan, eta hura ere omendu zuten, atzo, Lameran. Ikurriña astindu zuen kirolariak bermeotarren aurrean. Bere aldetik, Mikel Ojedak Elias Fernandez gogoratu zuen.