Egungo pilotaririk puntakoenak bilduko ditu 3 Hiriburuak txapelketak
3 Hiriburuak txapelketa lehiatuko dute Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Elite mailan, zazpi bikotek parte hartuko dute, egungo pilotaririk puntuakoenekin. Bertan egongo da, besteak beste, Olatz Arrizabalaga gernikarra.
Emakume Master Cup lehiaketak emakumezkoen esku pilotari emandako bultzadaren ondoren, 3 Hiriburuak txapelketa antolatu dute, emakumezkoen kirola hauspotzen jarraitzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzaren babespean eta Bizkai, Gipuzkoa nahiz Arabako hiriburuen ordezkaritzagaz antolatu dute 3 Hiriburuak, eta emakumezkoen esku pilota egutegian toki garrantzitsua hartu asmoz iritsi da.
3 Hiriburuak torneoak Emakume Master Cup-en sustraietara joko du: irekia izango da, eta interesa duen emakume kirolari orok izena eman ahalko du, federatuta egon zein ez. 60 pilotariko gehienezko parte hartzea egongo da, eta lau kategoriatan banatuko dira. Pilota goxuagaz gazte eta senior maiakoek lehiatuko dute; pilota mistoagaz, ostera, umeen eta elite mailakoek. Elite mailan, hain zuzen ere, egungo pilotari nagusiak ariko dira zein baino zein gehiago.
Olatz Arrizabalaga, Emakume Master Cupeko zirkuituan bost txapel dituen aurrelari gernika-lumotarra, eta Amaia Aldai, egungo lau t’erdiko txapelduna, dira izen nagusietako bi. Horiez gain, Leire Garai edota Enara Gaminde ere ibiliko dira lehiatzen. Osotara, zazpi bikotek jokatuko dute elite mailan: Arrizabalaga-Capellán, Arraiza-Gaminde, Barrokal-Bergara, Aldai-Mendizabal, Beitia-Zabala eta Etxegarai-Oses.
Lehiaketako final laurdeneko partiduak urriaren 2an lehiatuko dituzte, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Astebete beranduago, Bilboko Kirol Pilotalekuak finalerdikoak hartuko ditu. Final handia urriaren 16an izango da, Donostiako Atano III.a frontoian.