Busturialdearen KAE1eko biziraupena, alineazio desegoki baten esku
Busturialdea Arraun Taldeak salatu du Donostiarrak okerreko alineazioa egin duela aurtengo denboraldian aurraulari bategaz. Hortaz, Donostiarrari alineazio horregaz egindako estropadetako puntuak kentzeak Busturialdeak KAE1 mailari eustea ekarri dezake. Hilabete amaieran jakingu dute auziaren epaia zein izango den.
Behin aurtengo KAE1eko denboraldia amaituta, Busturialdea Arraun Taldea datorren denboraldian mailari eutsiko ote dion zain dago. Izan ere, denboraldi gaitz baten ondoren, Busturialdeko arraunlariz osatutako taldeak KAE1 eko sailkapenean 41 puntu eskuratu zituen, 11. postuan amaituz; horrenbestez, zuzeneko jaitsiera ekidin zuen (Orio Orialki jaitsiko da hurrengo denboraldia, 35 puntugaz), eta play-offetako lehiara jokatzeko borrokari eutsi zion. Play-offak abuztuko azken asteburuan lehiatu zituzten Colindresen (Kantabria) eta Lutxanan; Busturialdea hirugarren sailkatu zen, Donostiarraren eta Camargoren atzetik, eta Mutrikuren aurretik. Hurrenez hurren, 8 eta 6 puntu eskuratu zituzten lehen biek; 4 puntu, berriz, Busturialdeak; eta, azkenik, 2 puntu Mutrikuk.
Momentu honetan, baina, egoera irauli egin da: play-offak irabazi zituen Donostiarra taldeak alineazio desegokia egin dutela salatu dute Busturialdekoek, eta kasua epaileen eskuetan dago egun. Epaia hilaren amaierarako heltzea aurreikusten dute. Busturialdearen salaketagaz bat egin dute, gainera, maila horretako beste zenbait taldek. Gaur-gaurkoz, Donostiarra eta Camargo dira KAE1en geratuko liratekeen taldeak, baina, Donostiarrari ustezko alineazio bidegabeagaz poltsikoraturiko puntuak kenduz gero, Busturialdeak puntu nahikoa izango luke mailari eusteko.
Busturialdea Arraun Taldeko lehendakari Patxi Egurrola denboraldiaren bigarren zatiagaz bereziki aseta dago: “Bigarren zatian gure benetako maila erakutsi dugula uste dut; lehenengoa, ostera, dezente gaitzagoa izan da guretzat”. Hain zuzen ere, ekainean eta uztail hasieran taldea “bere mailatik behera” ibili dela adierazi du elantxobetarrak: “Puntu pila batek ihes egin zigun, eta horrek eragin zuzena eduki zuen arraunlarien moralean eta, ondorioz, mailan; dena dela, egoerari aurpegia erakusten jakin zuten, eta horrek denboraldi amaiera oso duina egitera eroan zituen”.
Baimen barik. Presidenteak Donostiarrak egindako ustezko alineazio okerraren auzia azaldu du: “Donostiarrako lehen taldeko arraunlari batek bigarrenagaz lehiatu du aurtengo denboraldian, gainera, estropada baten baino gehiagotan; horretarako, baimen berezia behar da, zelan edo halan arraunlari elkarbanatua dela adierazten duena. Termino horrek esan gura du arraunlari horrek eskumena daukala, lehen taldeagaz gain, bigarrenagaz be parte hartzeko. Kontua da Donostiarrako arraunlari horrek ez zeukala baimen edo identifikazio berezi hori, eta, dena dela, bigarren taldeagaz arraun egin duela aurten. Guk legez kanpokotzat daukagu hori.
Aurtengo denboraldiaren balorazioa, oro har, “positiboa” da Egurrolarentzat. “Egia da itsasoan gu baino lehiakorragoak izan diren taldeak egon direla eta, gainera, zorte txarra gainetik kendu ezinda ibili garela kasu askotan”, adierazi du. Hori bai, denboraldiak “momentu ahaztezinak” ere oparitu dizkio lantaldeari: “Arraunlariak hainbat estropadatan pozarren eta maila handian lehiatzen ikusi ditugu, eta hori oso pozgarria da; esate baterako, Plentzian laugarren postua lortu genuen, taldearen benetako postua sailkapenaren erdialdea dela frogatuz”.
Hurrengo denboraldiari begira, izan KAE1en nahiz KAE2n, lantaldeari eutsi gura dio Egurrolak: “Entrenatzailea laster hasiko da hurrengo urteko lantaldea zehazten, baina, guztiaren gainetik, elkarteak nabarmendu gura du neska zein mutil kirolera hurbilaraztea dela bere helburua; Busturialdea herritik eta herrirako sorturiko proiektua da eta, maila batean zein bestean egonda ere, horretarako beharrean jarraituko dugu”.