Bost udal ikastaro antolatu ditu Gautegiz Arteagako Udalak
Ikastaroetan parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da, eta hori egiteko azken eguna da barikua (irailak 23).
Ikasturte berrirako bost udal ikastaro antolatu ditu Gautegiz Arteagako Udalak: Pilates, Yoga, Zumba, Mententze Gimnasia eta Korua. Azaroan hasiko dira ikastaroak, baina horietan parte hartzeko aurretiaz izena eman behar da, eta hori egiteko azken eguna da barikua (irailak 23).
Horretarako, izena emateko orria bete beharko da, eta, hori, kultur etxean zein udalaren webgunean dago eskuragarri. Behin orria beteta, kultur etxean entregatu beharko dute interesatuek. Udal ordezkariek zehaztu dutenez, lehentasuna izango dute Gautegi Arteagan erroldatutakoek.
Hala ere, jakinarazi dute, taldeak osatzeko gutxienez zortzi kideko parte hartzea egon beharko dela.
Egutegia.
Pilates saioak bi txanda egingo dituzte martitzen eta eguenetan; 17:45etik 18:45era izango da lehenengo txanda, eta 18:45etik 19:45era bigarrena. Zumba ikastaroak ere egun horietan izango dira, baina frontoian, eta hurrengo ordutegian: 18:15etik 18:30era eta 18:30etik 19:30era.
Yoga, berriz, astelehen eta eguaztenetan praktikatu ahalko dute izena ematen dutenek. Saio bakarra egingo dute, 18:15etik 19:45era bitartean.
Mantentze gimnasiako saioa eguaztenetan izango da, 17:15etik 18:15era, eta, egun berean baina 2:00etan, abesbatza elkartuko da.