Ligako koroa ere, Bermeora
Portugaleteko azken estropadan gailenduta eskuratu du ligako koroa Urdaibaik. Bermeoko taldearen zortzigarren liga garaipena da aurtengoa. Arratsaldean, merezitako harrera eta omenaldia jasoko dute Bermeon, 20:00etan.
Ligako txapelduna da Urdaibai. Talde berria osatu zuten azaroan, eta talde lanean oinarrituta, ligako txapelketa irabazi dute azkenean. Portugaleteko azken estropadan gailenduta eskuratu du ligako koroa Urdaibaik, Bermeoko taldearen zortzigarren liga garaipena, alegia. Herriko estropadan bigarrena izan zen atzo, Hondarribiaren atzetik, eta bi puntuko aldeagaz bakarrik, tentsioz betetako estropada zen gaurkoa Bou Bizkaiakoentzat. Bi puntuko errenta mantendu behar zuten, eta hala egin dute. Ondorioz, Eusko Label ligako txapeldun izendatu dira gaur talde bermeotarreko arraunlariak, eta Portugaleteko uretan hartu du koroa. Arratsaldean, merezitako harrera eta omenaldia jasoko dute Bermeon, 20:00etan ondoetorria emango baitiete Bou Bizkaiako arraunlariei, Lameran.
Zazpi bandera eta 218 puntugaz nagusitu da ligan Urdaibai, azken estropadara arte Hondarribiarekin lehia bizia mantendu eta gero. Erlojupekoan erabaki da liga, izan ere, araudiak dio azken estropada lehiatu aurretik lehen bien artean hiru puntu edo gutxiagoko aldea egonez gero, hala jokatu behar dela Portugaletekoa. Gaurko emaitzekin, Hondarribiak 215 puntugaz amaitu du denboraldia, zortzi jardunalditan irabazita –zazpi urtez jarraian bigarren gelditu da ligan–, eta Donostiarra izan da hirugarrena, 200 puntu bilduta.
Atzetik aurrerako bidea egin du Urdaibaik. Lehenengo Bilboko erlojupekoan eta Galizian ez zen onenen artean egon Bermeoko taldea, baina, talde lanari eutsi eta denen artean aurrean amaitzea lortu dute. Hondarribia handi bati irabazi diote, eta hori lortzeko “lan handia” egin dutela aitortu du Gorka Aranberri Urdaibaiko patroiak: “Lan handia egin dugu urte guztian, eta bakarrak irabazten du. Hori da kirol honek daukan tristeena, bakarra dela garailea. Guri tokatu zaigu oraingoan, baina Hondarribia zoriondu gura dut. Kristoren denboraldia egin dute eta gu bezain beste merezi izan dute koroa”.
Getariako estropadan, ziaboga hartzerakoan erratu zen Hondarribia, eta sailkapeneko lehen postua galdu zuen orduan, Urdaibairen mesedetan. Hiru puntuko aldea lortu zuten bermeotarrek, eta errenta hori mantendu dute. “Badakigu zein egoeratan lortu genuen lidertza, eta egun horretan lortu genuen errenta mantendu dugu. Erregularitatea mantentzea eta akatsak saihestea izan da liga irabazteko gakoa”, aitortu du Aranberrik.
Iker Zabala entrenatzaileak “denboraldi borobila” izan dela azpimarratu du: “Hondarribiak akatsa egin zuen, eta horren ondorioz, seguruenik, liga galdu dute. Kirolak halako gauzak ditu, baina zoriondu egin behar ditugu egin duten denboraldiagatik”. Izan ere, gogorra izan da bien arteko lehia: “Bata bestearen atzetik ibili gara, eta Donostiarrak ere bere momentua izan zuen. Denetarik ikusi dugu aurten, baina gero dena joan da apurka-apurka erabakitzen, eta gu gara garaileak”.
Dena irabazi dute: Bizkaiko Txapelketa, Euskadiko Txapelketa, Kontxa eta liga. “Ezin da gehiago eskatu, atzoko bandera irabaztea bakarrik. Talde honi ezin zaio gehiago eskatu. Eskatzen jarrita eskatuko nituzkeen bandera, titulu eta denak irabazi ditugu. Oso zaila da egin duguna”, adierazi du Aranbarrik. Hori esan, eta gaurko zein denboraldiko lehiatik kanpo geratu diren taldekideak zoriondu ditu: “Kanpoan geratzea ez da inoiz erraza izaten, eta zorionik beroenak eurei, eurek barik ez genukeelako hau lortuko”.
Mikel Azkaratek “urte gogorra” izan dela dio, eta erregulartasuna bermatuta lortu dutela garaipena adierazi du. Pozez beteta agertu da Oier Unanue, eta taldearen maila fisikoa nabarmendu du. Iñaki Goikoetxeak, bere aldetik, “desertu” batetik datozela esan du, lortutakoa “ikusgarria” dela pentsatuz: “Lehenengo estropadetan inork ez zigun esango hau guztia lortuko genuenik, baina hemen gaude. Liga, kontxa, txapelketak… Zortez, edo gure lanari esker, dena irabazi dugu. Hau bizitzea sekulakoa da, eta gozatu dezagun”. Aurkariez ere gogoratuda Goikoetxea, eta eman duten “espektakulua” nabarmendu du: “Eskerrik asko beste talde guztiei. Batzuetan irabaztea tokatzen da eta bestetan galtzea. Gu urte asko egon gara galtzen eta orain irabazi dugu”.
Entrenatzaileak, bere aldetik, egindako lanagan jarri du fokua: “Denon artean irabazi dugu. Nik lan handia egin dut, mimo askogaz, eta uste dut asmatu dudala, baina nire atzetik sekulako taldea daukat, bai arraunlariak, bai zuzendariak, bai herritarrak. Urdaibai berpiztu dugu, baina itzalean sekulako lana eginda. Hau ez dugu kasualitatez lortu. Talde berria martxan jartzea ez da erraza izan”.
Hala, taldearen ezaugarririk indartsuena arraunlarien “gaitasun fisikoak” dela esan du, “basatiak” direla esanez. “Uste dut azken urteetan ez direla ondo entrenatuta egon. Ez dute helburu argi bat izan, arraun egiteko modu argi bat eduki. Aurten, hori finkatu dugu eta uste dut azkarrago joan gintezkeela, baina prozesuak bere denbora behar du”, azaldu du Zabalak.
Aurtengo ligaren aurretik, 2018an irabazi zuen arraun munduko azken liga nagusia Bou Bizkaiak, hiru urtez jarraian irabazten egon eta gero; 2018koa, 2017koa, 2016koaz gain, 2004koa, 2007koa, 2008koa eta 2010ekoa irabazi zituzten. Hemeretzigarren aldia du aurten Traineren Kluben Elkartearen ligak, eta horietako zortzi txapelketa irabazi ditu talde bermeotarrak.
Azken estropadan, lehia bizi-bizia.
Portugaleteko helmugara ailegatu aurretik traineruko arraunlari guztien izenak banan-banan izendatu ditu Aranbarrik, euren lanagatik zorionduz. Hala ere, estu hasi da estropada: lehenengo ziabogan bost talde zeuden denbora berdinean. Baina bigarren luzean indarrak estutu eta estropada hautsi dute Bou Bizkaiakoek, bi traineruko errenta atera baitiote Hondarribiari: 5 segundoko aldea atera dio Ama Guadalupekoari eta 8 Oriori.
Aranberrik dio ahulezia indargune bihurtu dutela: “Denboraldi hasieran bigarren luzea zen gure punturik txarrena, horretan lortzen baitzuten aurkariek gure aurretik jartzea. Baina hori landu dugu eta gure indargunea da orain. Gaur ere, ziaboga eta gero zabaldu ditugu aldeak”.
Gero, hirugarren luzean tartea mantendu eta laugarrenean errematea eman diote, Hondarribiarekiko tartea ia zortzi segundutan handituz. Azkenean, 19 minutu, 22 segundo eta 64 ehunenetan helmugaratu da talde bermeotarra, Hondarribia baino 7 segundo aurretik. Hondarribiak 19 minutu eta 30 segundoko tartea behar izan du, eta hirugarrena izan den Oriok, berriz, 19 minutu eta 36 segundotan gelditu du denbora.