"Elkartasuna eta antolakuntza" oinarri hartuta, Gazte Eguna ospatzen ari dira Gernikan
200 gazte elkartu dira Merkatu plazako bazkarian. Astelehentxutxu berreskuratuko dutela iragarri dute, eta egun hori antolatzeko irailaren 24ko batzarrean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Gorriz markatutako eguna da Gernikako Gazte Eguna, urtero-urtero udalerriko eta inguruko gazteak batzen dituena. Hala ere, denak elkartzeko espazio bat izateaz gain, “elkartasuna eta antolakuntza” oinarri hartuta, urte guztian lantzen dituzten “eduki eta jardun desberdinei ahotsa emateko” eguna ere badela diote Egurre Gazte Asanbladakoek. Hala, 200 lagun inguru elkartu dira gaur Merkatu plazan egin duten bazkarian.
Eguna, baina, goizetik hasi dute, izan ere, olinpiadak lehiatu dituzte Pasealekuan; hiru taldek parte hartu dute guztira, bost laguneko bik eta sei laguneko batek. “Ondo pasatu” dute, eta ostean, plazan elkartu dira gazteak. Arratsaldean, musikak hartuko du Pasealekua, izan ere, Coast Rebels, Rodeo, Uanmanxito´s, Erruki erromeria eta Dj Unzu eta Gorkitak girotuko dute arratsalde eta gaua; 19:00etan hasiko dira kontzertuak.
Jan ostean, “kapitalismoaren egungo krisi egoeraren biktimak” direla adierazi dute, baita horren kontra daudela esan ere: “Hemen batzen gaituenoi, adin tartek baino gehiago, subjektibitate konkretu batek batzen gaitu. Izan ere, zapalduta gaudenok errealitate berdin bati egiten diogu aurre: ikasketen estresari, langabeziari, prezioen igoerari, autoritarismoari, biolentzia matxistari… Hori da batzen gaituena: kapitalismoaren krisi egoera honen biktima izateak eta horren kontrako hautuak“.
Datozen garaiak langile klase osoarentzako “garai ilunak” izango direla adierazi dute, eta politikarien jarduna salatu dute: “Gero eta argiago dago parlamentuak eta politikari profesionalek, ezkerretik eskumarainera, ez dutela gauzak aldatzeko borondaterik; sistemaren parte bihurtu dira. Gazteria apolitiko bat nahi dute, borrokatzeko prest ez dagoena”. Horren aurrean, baina, miseriari aurre egiteko modu bakarra “borondatezkoa eta instituzio burgesetatik kanpo egiten den antolakuntza politikoa” dela defendatzen dute Egurre Gazte Asanbladakoak. “Benetako politika hori delako guretzat, kaletik hasten dena”, nabarmendu dute.
Astelehentxutxu bueltan.
Zentzu eta norabide horretan, hainbeste urtetan ospatu den baina azken urteetan alboratuta egon den Astelehentxutxu berreskuratuko dutela iragarri dute gazteek. Hori dela eta, egun hori aurrera ateratzeko asmoz, “denen ekarpena beharrezkoa” izango dela adierazi dute, “eguna indartsu bueltatzeko” eta gazteria “aktibo” dagoela erakusteko. Hala, irailaren 24an Astelehentxutxu antolatzeko asanblada irekia egingo dute, eta gazteei bertaratzeko deia egin diete gazte asanbladakoek.
Gernikako gazteentzako “egun berezi eta seinalatua” den hori “izaera berri bategaz” antolatu gura dute: “Jai eta ospakizun egun bat izango da, baina, horrez gain, langile klaseko gazteok gure egunerokotasunean pairatzen ditugun zailtasun, oztopo eta zabalkuntza desberdinei elkartasun eta antolakuntza bidez aurre egin behar zaiela defendatuko dugu”.
Gaurko Gazte Egunean, baina, ez dituzte alde batera utzi gazte asanbladak orain arte antolatutakoak. “Gazte asanbladak aurreko ikasturtean zehar aurrera eramandako dinamika desberdinak aipatu nahi ditugu: Langile kontrolpeko espazio desberdinei babes eta elkartasun adierazpenak, Euskararen Eguna, Presoei buruzko lanketa, Errakiko Erresistentzia Kutxa Nazionalaren jaialdia, rap eta musika undergroundaren inguruko jardunaldi zein kontzertuak eta beste horrenbeste”. Hala, horiek guztaiak zein gaurko eguna antolatzen aritu direnak eskertu dituzte, baita laguntzen aritu direnak ere.