2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hasierako suziria, piztuta
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia abiatzeko aurkezpen ekitaldia egin zuten atzo iluntzean [irailak 15] Amasa-Villabonan. 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sintonia ere aurkeztu dute.
2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irailaren 24an hasiko da Getxon, baina “hasierako suziria pizteko” aurkezpen ekitaldia egin du Bertsozale Elkarteak. Amasa-Villabonako Behar Zana pilotalekuan egin zen ekitaldiak bertsolari, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile, bertso-eskolako kide eta zale ugari elkartu zituen. Beatriz Egizabal aktoreak egin zituen gidari lanak, umore tonuz, eta Gontzal Agote 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Talde Antolatzaileko kideak, eta gai-jartzaile eta epaile taldeetako Idoia Anzorandiak eta Nerea Bruñok ere hartu zuten hitza.
Bertsorik ez zen falta izan aurkezpenean. Irantzu Idoate eta Maddi Agirre aurtengo Eskolarteko txapeldunak eta txapeldunordeak, Iruñerriko bertso-eskolako Beñat Astizek eta Lide Arrietak eta Jon Maiak parte hartu zuten kantuan. Eguenean aurkeztu zuten baita ere, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sintonia. Jakinarazi zutenez, Nerea Erbiti Iruñeko musikariak osatu du sintonia, bere taldeagaz batera.
Hasiera.
Datorren astean hasiko da martxan txapelketa. Lehen saioak irailaren 24an eta 25ean izango dira Getxon eta Arrasaten, hurrenez hurren, eta sarrerak eskuragarri daude, jadanik bertsosarrerak.eus atarian eta egunean bertan ere egongo dira leihatilan.
Busturialdeko bertsolariak ez dira bosgarren saiora arte oholtzara igoko. Aitor Etxebarriazarraga Gabiola eta Onintza Enbeita Maguregi batera ariko dira Donostiako Victoria Eugenia antzokian, urriaren 8an, 17:00etan. Eurekaz batera ariko dira Beñat Iguaran Amondarain, Eñaut Martikorena Lizaso, Jone Uria Albizuri eta Maddalen Arzaillus Antia. Hain zuzen ere, Leire Garatxena ajangiztarra izango da saio horretan gai jartzaile lanetan ariko dena.