Kimu mailatik gorakoek bakarrik erabiliko dituzte Urbietako futbol instalazioak
Montorre, Barrutia, Urretxindorra, Allende Salazar, San Fidel, Mertzede eta Seber Altube ikastetxeek eta Urdaibai, Gernika Sporting, Lumo eta Gernika FCak sinatutako "akordio historikoak" jasotzen du alebin mailatik gorakoek bakarrik erabiliko dituztela Urbietako instalazioak.
Ez klubek, ez ikastetxeek ezin izango dute ume txikientzako inolako futbol jarduerarik eskaini Urbietako instalazioetan. Hala jaso dute Gernika-Lumoko futbol taldeek eta ikastetxeek adostu duten “akordio historikoan“. Ondorioz, alebin mailatik gorakoek bakarrik erabiliko dituzte Urbietako instalazioak.
Montorre, Barrutia, Urretxindorra, Allende Salazar, San Fidel, Mertzede eta Seber Altube ikastetxeek eta Urdaibai, Gernika Sporting, Lumo eta Gernika FCak atzo sinatu zuten akordioa, “umeen ongizatea helburu izanda eta kirolaren baloreak oinarri hartuta”. Diotenez, “eskuzabalak” izan dira akordioa lortzeko prozesu honetan, eta adostasunak posibleak direla frogatu dute.
Akordioan adostu dute 10 urtetik beherako umeak futbitoan arituko direla ikastetxeetan. “Ume guztiei jarduera hau egitea ahalbidetuko zaie ikastetxeetan”, adierazi dute ordezkariek, eta azpimarratu dute ikastetxe txiki zein handietan taldeak sortzeko arazoak egonez gero, ikasketxeen artean “lan egingo” dutela ume bat bera ere futbol jarduerarik barik ez geratzeko.
Urdaibai Futbol Taldeak akordioagaz bat egin du eta Gernika eta inguruetako herrietako 10 urtetik beherako umerik klubean ez onartzeko konpromisoa hartu du; zehaztu dutenez, bakarrik Murueta, Busturia, Sukarrieta, Mundaka edo Bermeoko umeak hartu ahal izango ditu.
Ikastetxeek zein klubek adierazi dute “harro egoteko moduko futbol eskaintza” dagoela eskualdean, eta umeen kirol jardueran denak direla “beharrezkoak”: “Ehunka neska-mutilei kirol honetan jarduteko aukera ematen diegu eskolek zein klubek. Zentzu honetan, akordio honek, umeek eskoletan bertan kirola egiten jarraitzea ere bilatzen du. Umeen kirol jardueran denok garelako beharrezkoak, bai ikastetxe, bai klubak”.
Jakinarazi dute gaur gaurkoz lau futbol klubetako futbol eskoletan izanda emanda dauden umeek futbol jarduerak garatzen jarraitu ahalko dutela Urbietan eta kluben artean, betiere futbol eskolek duten testuinguruan: entrenamendu bat astean eta lehiaketarik barik. 2022ko irailetik aurrera, baina, 10 urtetik beherako izen emate berriak ez dira onartuko inolako klub edo futbol eskoletan.
Aro berri bat.
Eskola Kirolaren etorkizunari eta Urbietako futbol instalazioen erabilerari buruz Gernika-Lumoko eta inguruko herrietako erakunde ezberdinek azken hilabeteetan izandako elkarrizketen ondorioa da akordioa. Dioetenez, bi mugarri nagusi ditu: alde batetik, kirolaren bultzadan hain beharrezkoak diren ikastetxe eta klub guztien parte hartzea orekatu eta bakoitzaren etorkizuna bermatzea, eta, bestetik, Urbietako kirol instalazioen erabilerari buruzko akordioa.
Aitortu dutenez, ikastetxe eta kluben arteko “elkarlan aro berri bat” zabaltzea da akordio hau sinatu duten entitate guztien nahia. Eta, helburu horretarako lagungarria izango delakoan, batzorde bat sortuko dute entitate eta Gernika-Lumoko Udalaren artean. Zehaztu dute, batzorde horretan, akordioa aurrera eramateko mekanismo tekniko bat adostuko dutela: “Udalaren eta ordezkari politikoen babesa jasota, akordio hau Gernika-Lumoko Udalaren kirol araudian txertatuta geldituko da aurrerantzean”.