Bertsotan aritzeko leku erosoa
Bertsolaritzan euren lekua aurkitu nahiak batu ditu Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga Lokatz Loreak taldeko kideak. Euren lehen proiektua bultzatzen ari dira: Friki saioak.
Gryffindor, slytherin, Madrileko Fashion Week-a, horoskopoa edota memeak ez dira ohiko bertso saioetan entzun ohi diren gaiak; bai, ordea, Friki saioetan entzun daitezkeenak. Bertsolaritzan euren lekua aurkitu nahian batu ziren Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga bertsolari gernikarra. Lokatz Loreak izeneko sormen taldea sortu dute, eta euren lehenengo proiektua da Friki saioena.
Ahalduntze Bertso Eskolan eta Bizkaiko Bertsolari Emakumeen I. Topaketan “erdi brometan” hasi zena egi bihurtu dute hiru bertsolari gazteek. Euren sormenari bidea emateko eta fanatismoa bertsotara hurreratzeko bost saio tematikoz osatutako bertso zirkuitua antolatu dute. “Bizkaiko Emakumeen I. Topaketan Harry Potteri buruzko saio bat egitea otu zitzaigun, eta egun horretatik aurrera proiektu hau prestatzen hasi ginen”, azaldu du Arrizabalagak. Saio bakoitza gai bati buruzkoa da, eta tematikaren arabera girotuta dago.
Azaldu dutenez, leku bat sortzea izan zen abiapuntua. Hiru lagunek osatu duten Lokatz Loreak dagoeneko toki bat da baina proiektu horretatik gehiago sortu gura dituzte, bertso munduan eurek bezala euren tokia guztiz aurkitu ez dutenentzako plazak eta sormen lanak sortu nahi dituzte, euren espazioa topatzen laguntzeko. “Gu bertso eskola desberdinetakoak gara, eta beharrizan desberdinak dauzkagu, baina sentitzen genuen, bertso munduan nahiko hasiberriak izanda, ez genuela gure lekua aurkitzen. Bertsolaritzan guretzako leku bat sortzeko beharrizanetik abiatu ginen. Plaza desberdinak eta denak eroso senti daitezkeen espazio seguruak sortzea da gure asmoa”, aitortu du gernikarrak.
Dioenez, Lilibertsoko kideekin “harreman oso ona” dauka, baina bera da neska gazteena eta bere adineko bakarrenetakoa. Bilbao ere antzeko egoera batean zegoela adierazi du Arrizabalagak, eta gehitu du gaztea izanda plazetan leku bat izatea ez dela erraza: “Zaila da sartzea: ez dizute plazetatik deitzen. Eta deitzen ez zigutenez, guk sortu dugu espazio propio bat, plaza desberdin bat”.
Ez da esan behar gizartean frikismoa dagoela, eta bertsolaritza gizartearen isla denez, gai frikiak bertsolarietan oso presente daudela diote antolatzaileek: “Berez nahiko frikiak gara, eta hori bertsoarekin uztartu beharko litzateke”. Arrizabalagak dio bertsoa gizartearen islada dela, eta normalean gai sozialak lantzera jotzen duela, baina kalean egunerokoan entzuten diren elkarrizketak ez direla politikari buruzkoak adierazi du. “Gizartean ohikoagoak diren gaiak jorratzen ditugu guk. Harry Potterri edo modari buruz bertsoak botatzea gizartearen isla ere bada, lagun taldeek horiei buruz berba egiten dutelako. Gai horiek plazaratzea gustatzen zaigu, eta hori gure lekutzat dugu”.
Hala, bost gai orokor aukeratu zituzten, bakoitzaren frikismotik sortu ahal izateko: Harry Potter saioa, Bertso Fashion Week, Denbora makina bertsoz, Meme saioa eta Bertsos-kopoa; azken saio hori bihar ospatuko da Astran, 19:00etan, eta bertan egongo dira Onintza Enbeita, Irune Basagoiti, Nagore Beitia eta Aner Euzkitze. “Herrian zerbait egitea beti da polita, eta ondo joatea espero dugu”, adierazi du Arrizabalagak.
Guztira 21 bertsolarik parte hartuko dute zirkuituan, bakoitza hoberen moldatzen den gaian, eta antolatzaileek adierazi dutenez, bertsolarien erantzuna “bikaina” izaten ari da: “Beldurra geneukan. Hiru neska gazte gara eta seguru asko jende askok ez gaitu ezagutuko, baina erantzuna bikaina izaten ari da. Nerea Ibarzabal da Bizkaiko Txapelduna, eta bere erantzuna oso ona izan zen. Esan zigun kristoren ilusioa egiten ziola gure saioetan parte hartzeak. Beste bertsolariek ere erantzun berdina izan dute. Saiatu gara euren afizioen araberako saioak egiten”.
Jendearen erantzuna ere sekulakoa izan da, batez ere lehenengo saioan. 100 pertsona inguru batu ziren Zornotzan, eta horrek asko “motibatu” zituen antolatzaileak: “Konturatu ginen ez ginela gu bakarrik beharrizan hori geneukanak. Jendea etortzen bada, eta jendea kantatzeko zein entzuteko prest badago, horrek esan gura du kolektiboan behar hori bazegoela”. Hala, onartu dute “ezustekoa” eroan dutela saioekin, eurek 30-40 pertsona batzea espero zutelako, eta erantzuna hobea izaten ari delako.
Lokatz Loreak taldekoentzat lehenengo aldia da antolatzaile modura, baina baita gai jartzaile lanetan ere. “Esan beharra dago asko ikasi dugula, asko ikasten dela probatzen. Guk plazaratu gura genituen gaiak aukeratu ditugu, eta bertsolariei helduleku horiei buruz galdetuta, erantzun positiboa izan da. Bertsolariek balioan jartzen ez duten lan bat izan daiteke gai jartzaileena, baina gogorra dela konturatu gara”.
Aurrera begira
Orain artekoagaz “pozik”, aurrerantz jarraitzeko esperantza dute. “Ideia desberdin asko ditugu, eta aurrera jarraitzeko esperantza daukagu. Oso dinamika polita lortu dugu hiruron artean eta uste dut gauza politak egin genitzakela, bai friki saioekin jarraitu, bai bestelako heldulekuak dituen proiektuak zabaldu. Oraingoz ideiak bakarrik dira, eta ikusiko da zelan ernatzen diren”, aitortu du Arrizabalagak.
Sormen talde bat dira, bertsoa ardatz daukaten proiektuak sortuko dituena, izan ere, hori da hirurak lotzen dituena. “Friki saioena ideia bat izan zen, eta baliteke hortik jarraitzea edota beste sorkuntza lan batzuk bultzatzea, betiere bertsoa oinarri hartuta”.