Bermeotarrak jaiak agurtzen ari dira gaur, Santa Eufemia egunez
Santa Eufemia egunez baserri giroan murgildu dira gaur bermeotarrak. Santa Eufemia eliza, Jorge Vergniory Arana eta Anton Benguria Ereño baserritarra omendu dituzte. Jai giro ederrean agurtuko dute Xixili.
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan 10 egunez gora eta behera ibili ostean, baserritarrei esker ona adieraziz agurtuko dituzte jaiak gaur. Azken eguna, hala ere, ekitaldiz beteta dago, jaiei behar bezalako agurra emateko.
Santa Eufemia Eguna jai eguna dute Gaztelun, eta dantza eta kanturako une asko egon badira ere, omenaldirako tartea ere hartu dute Gaztelutarrek.
Oraingoan, Gazteluko Santa Eufemia elizari aipamen berezia egun gura izan diote. Elizari oparirik eman ezinean, Santa Eufemia elizako parroko Juanjo Elezkanok jaso ditu opariak.
Jorge Vergniory Arana izan da beste omenduetako bat, bermeotarra izan ez arren, inguruagaz harreman handia izan duela azaldu dute, eta argazki asko eta asko egin ditu urte askotan, baita ere, Gazteluko jaietakoak.
Hirugarren omendua Anton Benguria Ereño baserritarra izan da. 25 urterekin AEBera joan zen; han urte piloa egin ondoren, Almikara bueltatu zen. Gaur egun, herri kiroletan murgilduta ibiltzen da, hainbat sari lortu izan ditu.
Ohikoa den legez, Gaztelun bertan, balkoitik balkoira aritu dira bertsotan Onintza Enbeita, Miren Amuriza eta Iratxe Ibarra bertsolariak.
Herritarren joan-etorria etengabekoa izan da goizetik, izan ere, azoka bereziek bete dituzte Lamera eta Taraska; nekazari eta abeltzainen lana agerian uzteko balio izan dute. Eguraldiak lagundu duenez, asko eta asko izan dira baserri giroko azoketara hurreratzera animatu direnak.
Lameran, esaterako, goizetik zabaldu dituzte postuak, eta era guztietako produkturak dastatzeko eta erosteko aukera izan dute bertaratu direnek: gazta, ortuariak, sagardoa, ogia, edatekoa… Horrez gain, taloa jateko postua ere egon da; bazkaltzeko orduan jendez bete da ingurua.
Taraskak, berriz, ohiko abereen erakusketa hartu du. Bertan, oiloak, antzarrak edota behiak ikusi ahal iza dituzte herritarrek. Ume eta gazteek ere ondo pasatzeko aukera eduki dute, eta, batzuk, ponyen gainean ibiltzeko aukera izan dute. Halaber, Txosnaola Fabrikan, taloak zelan prestatzen diren ikasi dute gaztetxoenek.
Gazta eta oilo txapelketak.
Bazkalostean, 32. Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketaren sari banaketa egin dute, eta hiru gazta onenak saritu dituzte; horiez gain, herritarrek ere euren sariduna aukeratzeko tartea izan dute. Txapelketan, guztira, sei gazta desberdinek parte hartu dute, eta herritarrek ere sari bat emateko aukera izan dute. Hain zuzen ere, herritarrek aukeratu duten gaztairik onena Antton Iturriagarena izan da, Areatzakoa.
Epaimahairen hirugarren saria ere, hain zuzen ere, berarena izan da, Iturriagarena, 188. puntugaz hirugarren postua lortu baitu. Bigarren saria, Zeanuriko Emilia Aranarentzat izan da, Altunosteko Gaztandegiko gaztak 190 puntu lortu baititu. Eta, irabazlea, 2022ko Bizkaiko Artzai Gazta Txapelketaren garailea, berriz, Markina-Xemeingo Santamañe izan da; 200 puntu eskuratu ditu.
Gazta zaporea dastatu eta gero, Euskal Oiloaren Bizkaiko VI. Txapelketaren sari banaketa gauzatu dute. Oilo gorririk onena Migel Angel Garciarena izan da, baita marradunik onenarena ere. Untxirik onenaren saria, berriz, Aitor Hernandezek eroan du, eta lepo soilik onenaren saria eta oilo beltzik onenarena Iker Baratorentzat izan dira. Zilar koloreko oilorik onena Roberto Callejak Bermeora hurreratu duena izan da, eta, sari banaketagaz amaitzeko, antzarrik onenaren saria banatu dute: Migel Angel Garciarena izan da hori ere.
Iluntzean, urtero modura, Xixiliri agur esateko ordua ailegatuko zaie bermeotarrei; 22:00etan doluzko ibilbidea egingo dute, eta Xixiliri agur esanda, erre egingo dute, datorren urtera arte.
Hala ere, jaiek ez dute etenik izango gaur gauean. Izan ere, Bulegoren kontzertua egongo da Lameran, eta, ostean, erromeriak girotuko du goizaldea. Asteburua ere ez da geldirik egoteko unea izango, herri bazkaria egingo baitute bihar txosnagunean, eta 350 herritar inguru elkartuko dira bertan.
Irailak 17, zapatua.
11:30. 40. Bermeo Hiria esku pilota txapelketako finalak.
Eguerdian. Pintxoak eta atun errea, txosnan.
15:30. Herri bazkaria, txosnan.
17:00. Maddi eta Eleneren kantaldia, txosnan.
17:00. Kuadrillen arteko lehiaren sari banaketa, txosnan.
18:00. 40. Bermeo Uria bandera.
19:00. Karaoke ibiltaria, kalez kale.
22:30. Arene 6 taldea eta Urrats erromeria, Lameran.
Irailak 18, domeka.
Goizean. Zaharren egoitzako egoiliarren irteera Almikara.
12:00. Begoñako Ama Gaztelugatxeko San Juanen uretan tronuratzearen 59. urteurrena, elizkizuna eta omenaldia.
12:30. Lore eskaintza Begoñako Ama Birjinari, uretan.