Berdintasun Plana osatuko dute Errigoitin
Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana parte-hartze prozesu baten bidez osatu gura du Errigoitiko Udalak. Galdetegi bat zabaldu dute herritarren iritziak eta proposamenak jasotzeko.
Errigoitiko Udalak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana egingo du, eta, horretarako, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzen ari dira. Jakinarazi dute datozen hilabeteotan diseinatuko dutela plana, “herritar guztientzat zabalik egongo den prozesu parte-hartzailearen bitartez”.
Azpimarratu dute “modu koordinatuan” lan egingo dutela udal-langile, politikari eta herriko eragileekin batera. Horretarako, dinamika parte-hartzaileak, elkarrizketak eta galdetegiak egin, eta datuak eta estatistikak berrikusiko dituzte, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan hobetu beharreko gaien berri izateko.
Herritarrei prozesu honetan parte har hartzeko eskaria luzatu diete udaletik, “esparru honetan informazio iturri garrantzitsuak” direla uste dutelako. Udalaren webgunean dagoen galdetegia betetzeko eskatu diete, bertan, iritziak eta proposamenak jasotzeko.
“Auzo bateko jaiak zirela aprobetxatuta, aurrez-aurre ere inkestak egin genituen, eta wegunean oraindik galdetegia betetzeko aukera dago. Diagnostikoa egiten ari gara, momentuz lehenengo pausoan gaude”, azaldu du Aintzane Arrien Errigoitiko alkateak. Herriko emakume nagusieenengana heltzea da erronka nagusietako bat: “Baina oso gaitza egingo zaigu. Emakume nagusien beharrizanak diagnostikatzeari garrantzia eman diogu. Adibidez, egiten ditugun ekitaldietara ez dira hurbiltzen, eta guretzat garrantzitsua da eurengana hurbiltzea. Teknikariak eurengana hurbildu dira benetan aztertzeko udal honek zein baliabide ipini behar dizkien eta zein beharrizan dauzkaten”.
Berdintasun Planaren garrantzia azpimarratu dute udal arduradunek: “Eusko Jaurlaritzak toki-administrazioei berdintasun plana sortzera dei egiten digu, eta behin plana eginda, beste ekimen eta laguntza batzuetara sarbidea eduki genezake. Oinarrizko-oinarrizkoa izaten da Berdintasun Plana egitea; plan horrek ematen ditu gidalerroak herrian jorratu beharrekoa zer den jakiteko. Lanketa horretarako Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntzak ematen dituzte. Baina, lehenengo gidalerro batzuk eduki behar dira, eta gidalerro horiek Berdintasun Plan horretan lantzen dira”.
Plana bera garatzeko Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso du Errigoitiko Udalak, eta laguntzagatik zehaztutako epean bete beharko dute plana: “Plana burutu dugula justifikatu beharko dugu”.