Batzordea irekia eta zabala izatea gura dute, eta herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Mundakako Udaletik azaldu dutenez, Berdintasun Batzordea sortu gura dute. 2018an onartu zuten udalean Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako lehenengo plana, eta horren baitako helburuetako bat da Berdintasun Batzordea sortzea.
Udaletik herritar guztiak gonbidatu dituzte Berdintasun Batzordean parte hartzera, “Mundaka anitza eta berdinzalea denon artean eraikitzeko asmoz”. Batzordea “irekia eta zabala” izango dela azaldu dute; horregatik, udal ordezkariez gain, edonork parte hartu dezake. Horren helburu nagusia izango da, genero berdintasunari buruzko gaietan proposamenak eta esku hartzeak egitea, eta Mundakako Udalarekin lankidetzan aritzea horien abian jartzeko.
Organo aholku emailea izango da, hau da, udal politikan aholkua ematekoa izango dela zehaztu dute, “emakume eta gizonen (aniztasun osoan) arteko berdintasun osoa lortzeko helburuz”.
Hori guztia azaltzeko aurkezpen saio bat egingo dute eta herritar guztiak gonbidatu dituzte; astelehenerako (irailak 19) jarri dute hitzordua, 16:15ean, Gaztelekuan. Herritarrek aurkezpenaren ostean erabaki ahalko dute ekimenean parte hartzen duten edo ez.