Europako Mugikortasunaren Asteagaz bat egingo du Ekoetxea Urdaibaik aurten ere
Asteburuan bizikletentzako oinarrizko mekanika tailerra, patinaje ikastaroa eta bizikleta gainean oreka eta trebetasuna lantzeko tailerra emango dituzte, eta bizikleta txangoa ere egingo dute Gernika-Lumotik Ekoetxea Urdaibaira.
Europako Mugikortasunaren Astearen barruan Ekoetxea Urdaibaik tailerrak, ikastaroak eta irteerak prestatu ditu.
Bizikletentzako oinarrizko mekanika tailerra emando dute, 5 urtetik aurrerakoentzat, zapatuan (irailak 17), 10:30etik 12:30era. Bizikletak mantentzeko beharrezkoak diren ezagutzak eskuratzeko aukera emango dute, “bizikleta garraiobide irisgarria izan dadin denentzat”. Hau da, oinarrizko konponketak (gurpilen zuloak, frenoak…) egiten irakatsiko dute.
Arratsaldean, ostera, patinaje ikastaroa eskainiko dute, patinatzen “modu erraz eta sinplean ikasteko”. Bi txanda egingo dituzte, 16:00etatik 17:00etara 4-7 urte artekoentzat, eta 17:30etik 18:30era, 8-12 urte artekoentzat.
Gernikatik Ekoetxea Urdaibaira bizikletaz ibilbidea egingo dute, berriz, domekan (irailak 18), 11:00etatik 12:30era. 8 urtetik aurrerakoek parte hartu ahalko dute. Busturia Txirrindulari Taldeak gidatuta ibilbide hau tropel batean egingo dute, eta trenez itzultzeko aukera egongo dela jakinarazi dute.
Bizikleta gainean oreka eta trebetasuna lantzeko tailerra ere emango dute, 12:30etik 13:30era. 5-12 urte bitartekoek parte hartu ahalko dute.
Bestalde, Eko-1 Formula auto jasangarrietan ibiltzeko aukera edukiko dute 3 urtetik aurrerakoek, 16:00etatik 19:00etara.
Izena eman. Asteburu honetakoa doako eskaintza bada ere, jarduera guztietarako aurretiaz izena ematea beharrezkoa da, 94-687 04 02 telefono zenbakira deituta edo info.urdaibai@ekoetxea.eus helbide elektronikora mezua idatzita.