Bermeoko estropadak lehia bizia dakar zapatuan
Gaur aurkeztu dute Bermeo Hiriko 40. Bandera-Bermeo Tuna World Capital Sari Nagusia. Euskotren eta Eusko Label ligetako igoera eta jaitsiera play off-en lehenengo jardunaldia ere lehiatuko dute Bermeon.
Eusko Label Liga oraindik ere jokoan dago, eta Bermeoko uretan zapatuan jokatuko den bandera erabakiorra izan daiteke. Hondarribiak baino hiru puntu gehiago dauzka zapatuan etxean jokatuko duen Bermeo Urdaibaik, eta liga irabazteko aukera ere badauka. Bermeo Hiriko 40. Bandera-Bermeo Tuna World Capital Sari Nagusia arraun denboraldiari amaiera emateko azken-aurreko hitzordua da, eta lehia bizia ziurtatu dago.
18:50 aldera hasiko da Eusko Label Ligako zortzi tripulazio onenen arteko lehia. Lehenengo txandan egingo dute arraun Getariak, Kaikuk, Zierbenak eta Cabo da Cruzek. Ohorezko txandan (19:10) lehiatuko dute, berriz, Bermeo Urdaibaik, Hondarribia, Donostiarrak eta Oriok.
Bermeo Urdaibai Arraun Elkarteko presidente Agustin Aranburuk argi dauka Bou Bizkaiako arraunlariak Bermeoko banderaren bila aterako direla, “Bermeokoa ez ezik, Portugaletekoaren bila ere, talde ederra daukagu”.
Hori baino lehen, igoera eta jaitsiera play off-en lehenengo jardunaldia lehiatuko da Bermeoko uretan. 17:40an hasiko da Euskotren Ligako kanporaketa, Tolasaldea eta Deusto ariko dira lehian. Ostean, 18:10 aldera ekingo diote Eusko Label Ligako kanporaketen lehen jardunaldiari. Bost talderen artean jokatuko dira datorren denboraldian Eusko Label Ligan aritzeko azken bi plazak: Lekittarra, Bueu, Samertolameu, Sanpedrotarra eta Pedreña. Asteburuko play off-etako emaitzen arabera, Busturialdeak KAE 1 ligan jarraitu lezake.
Zaleentzako gunea portuan. Bermeoko alkate Aritz Abaroak gogorarazi du aurtengo estropada “normaltasunez” bizitzeko aukera egongo dela zapatuan, horrek supasatzen duen guztiagaz: “Girorik onenean disfrutatu ahalko dugu eta zale guztiekin. Gainera, arraunak primerako kirol ikuskizuna eskaintzen du”.
Udalaren eta udalerri guztiaren izenean eskerrak emateko tartea ere hartu du alkateak. Hala, zapatuko estropada posible egiten duten guztien lana eskertu du, hala nola, Urdaibai Arraun Elkarteari eta boluntarioei, aurtengo banderan “zuzenean parte hartu” duen Bermeo Tuna World Capitaleri (BTWC), portuko langileei, udaleko langileei eta gainontzeko eragile guztiei: “Lan gogorra egin dute, eta espero dugu zapatuan dena ondo antolatuta egotea, segurtasun guztiagaz, egun polita baitator”.
Estropaden eguna “berezia” izaten dela esan du Abaroak, eta beste behin ere, herriko jaien luzapena izango dela gaineratu du. Kanpotik jende asko etortzea espero dute, eta horiek guztiak “besoak zabalik” hartuko dituztela nabarmendu du. Hori bai, antolatzaileen argibideak jarraitzeko eskaera egin du.
Portuan, aurrekoetan egin modura, zaleentzako gunea jarriko dutela azaldu du, estropada ikusi eta «girorik onenean» egon ahal izateko.
Alkateak, bestalde, gogorarazi gura izan du, zapatuan, 08:00etatik aurrera ibilgailurik ezingo dela sartu Artzako biribilgunetik barrura, arraun taldeetakoak, antolakuntzakoak edota beharrezkoak diren azpiegituretakoak, izan ezik.