Bizkaiko jaunaren bidea
Bizkaiko Foru Aldundiak bisitak antolatu ditu Irailaren 16, 17 eta 18rako, oinez, eta, irailaren 23, 24 eta 25erako, autobusez. Parte hartu gura duenak aldez aurretik izena eman beharko du.
Bizkaiko Jaun izateko, hautagaiak foruen zina egin behar zuen hainbat lekutan. Batetik bestera joateko egiten zuen bidea Zin Bidea legez ezagutzen da, eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, garai bateko jauntxoek egiten zuten ibilbidea ezagutzeko aukera egongo da hurrengo bi asteburuetan: irailaren 16, 17 eta 18an, oinez, eta irailaren 23, 24 eta 25ean, autobusez. Aldundiak antolatutako bisita gidatua Ibilbide Historikoak programaren baitan antolatu du.
Bilbon hasten zen garai bateko Zin Bidea, eta Bermeoraino heltzen zen. Gernika-Lumo zuen erdigune, eta egingo diren bisitetan toki eta monumentuak bisitatuko dituzte herritarrek. Oinez doazenek, hiru egunetan egingo dute bidea: Bilbotik Larrabetzura joango dira lehenengo etapan, eta, Larrabetzutik Gernikarainoko bidea egingo dute bigarrenean; bideagaz amaitzeko, Gernikatik Bermeora joango dira domekan.
Bisita gidatuetan parte hartu gura duenak aldez aurretik izena eman beharko du 688 85 66 89 telefono zenbakira deituta edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikora mezua bidalita. Informazio gehiago gura duenak ere bi bide horiek erabili ahalko ditu.
Historia.
Aldundiak dioenaren arabera, zin egitea “ekitaldi solemnea eta funtsezkoa” zen, eta garrantzi handia izan zuen garai batean erregearen eta bizkaitarren arteko harremana adosteko. Ekitaldiaren ospeak bizirik iraun du denboran, Lurralde Historikoaren berezitasuna definitzen lagunduz. Beraz, bide horrek garai batean izan zuen garrantzia eta bere historia ezagutzeko aukera izango dute bisita gidatuetan parte hartzen dutenek.
Zin Bidearen bisita gidatuek, batez ere, bi helburu nagusi dituzte; batetik, bertoko historia ezagutzera ematea, eta, bestetik, espezifikoagoa dena, Bizkaiko foruen muinean murgiltzea, Euskal Herriko kudeaketa politikoan aplikatzeko mekanismo batzuk ulertzeko.