Udalsarearen 20. urteurrenean, udalerrien garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa berretsi dute
Urteurrenaren egunean, euskal udalerri eta eskualdeen garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa berretsi dute.
Udalerri Jasangarrien Euskal Sareak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udal eta eskualdeen zerbitzuan emandako 20 lan urteak ospatu ditu gaur. Tokiko ekintza jasangarria eta Tokiko 2030 Agenda bultzatu ditu 20 urtez, eta gaur, urteurrenaren egunean, euskal udalerri eta eskualdeen garapen jasangarriaren aldeko konpromisoa berretsi dute; sarearen parte dira Bermeo, Busturia, Ereño, Errigoiti, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Murueta, Muxika eta Nabarniz. Gainera, sarea datozen lau urteetan gidatuko duen ekintza plana aurkeztu dute.
Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Udalsareak “berebiziko” garrantzia duela erronka klimatikoari aurre egiteko: “Udalek, mankomunitateek eta udalez gaindiko erakundeek funtsezko zeregina betetzen dute; izan ere, tokiko eta eskualdeko erakundeek klima aldaketa arintzeko neurrien % 70 eta klima aldaketara egokitzeko politiken % 90 gauzatzen dituzte. Pertsonekin zuzenean lan egiten dugu, eta herritarrek iraunkortasunerantz duten jarrera aldaketa sustatzeko aukera dugu”. Hori dela eta, aurrera egiten jarraitzea “beharrezkoa” dela esan du lehendakariak, eragile eta herritar guztiak elkartzeko gizarte kohesionatuago, erresilienteago, jasangarriago eta bidezkoago baterako trantsizioan.
Gaurko urteurren ekitaldian, bi hamarkada hauetan sareak izandako lorpen nagusien berri eman dute. Horietako bat da 240 euskal udalerrik dagoeneko badituztela tokiko jasangarritasunaren, klimaren eta energiaren alorretako planak, euskal biztanleriaren % 98k, alegia.
Azpimarratu du, baita ere, azken hamabost urteetan 66 milioi euro bideratu direla jasangarritasunari buruzko tokiko ekintzetarako. “Espainiar estatuko gainerako erkidegoetan erreferentea den udal sare horren egiturak ahalbidetu du euskal udalerrien funts horiek eskuratzen laguntzea”, adierazi du. Zehazki, 5 milioi euro Eskola Agendara bideratu dituzte, 25 milioi atmosferaren kalitatera, 20 milioi biodibertsitatera, 14 lurzoru kutsatuetara eta 2 milioi euro ekonomia zirkularrera.
Udalsarea 2030ek izan dituen lorpenak ere aitortu dituzte. Besteren artean, 50 udalerri inguru Tokiko 2030 Agendan lan egiten aritzea. Gainera, jakinarazi dute 25 euskal udalerri gehitu zaizkiola Alkatetzen Klima eta Energiarako Nazioarteko Itunari, eta 55 euskal udalerrik egin dituztela klima eta energia jorratzeko planak.
Etapa berria 2025era arte.
Gaurtik 2025era, Udalsarea 2030en asmoa da “ezinbesteko erreferentzia” izatea euskal udalerri eta erakundeentzat, bai bere zerbitzu aurreratu eta berritzaileengatik, bai Garapen Jasangarriaren Helburuei egiten dien ekarpenagatik, “batez ere klima neutraltasun eta erresilientziaren arloan, lurzoruaren babesean eta ekonomia zirkularrean”.
Gainera, gaur aurkeztutako planaren akordio berriak tokiko ekintzaren “esperientzia praktikoa” Bizkai, Araba eta Gipuzkoan batzearen alde egin du. Gainera, maila anitzeko gobernantza eta erakundeen arteko lankidetza eskaintzen ditu eta Udalsarea 2030 izaera teknikoko plataforma eta lan foru bihurtzen du.
Sareko kide diren erakunde guztiek NBEren 2030 Agendaren Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzen laguntzeko konpromisoa hartu dute, horien alde modu aktiboan jardunez, eta euren politika eta kudeaketa egokitzearen eta eraldatzearen bitartez.