Muxikako Ariatzan bihartik domekara ospatuko dituzte jaiak, eta Errigoitiko Bizkaiganen, berriz, domekan.
Udako azken egunak jai giroz betetzeko asmoz datoz santakurtzeak Ariatzara eta Bizkaiganera. Muxikako Ariatzan bihartik domekara ospatuko dituzte jaiak, eta Errigoitiko Bizkaiganen, berriz, domekan.
Kurtze Santuaren gorapena da ospatzen dena, udazkena badatorrela adierazten duena. Eta, udako egunei agur esateko, egitarau oparoa prestatu dute Ariatzan. Atxelipe txokoan pregoia eta txupina jaurtita hasiko dituzte jaiak, eta, jarraian, bezpera eguneko tradizioari eutsiz, makailao jana eta porra txapelketa izango dituzte.
Eguaztena da Santa Kurtze eguna, eta meza nagusiaren ostean, pintxoak izango dituzte aukeran ariatzarrek. Herri bazkarian elkartuko dira gero, eta, tripak bete ostean, briska txapelketa lehiatuko dute. Gero, txokolate jana egongo da. Santa Kurtze Bigarrenez, arimen aldeko meza kantatua egingo dute, eta pintxoak dastatu ahalko dituzte ostean.
Bertsoak eta musika izango dira nagusi barikuan. Ibai Amillategi, Aitor Etxebarriazarraga eta Ander Elortegi ariko dira bertsotan, eta Dj Gorriontxuk eta Laztanak hartuko dute horien lekua. Zapatuan, berriz, paella usainak beteko du Ariatza, herriko kuadrilen arteko paella lehiaketa lehiatuko baitute bertan. Umeek ere gozatzeko txanda izango dute umeentzako jolasak jarriko baitituzte plazan. Iluntzean dantza egiteko txanda izango da, Kittu erromeriagaz.
Jaiak agurtzeko, Ibarruriko Baso Txoritxu dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du, eta, ostean, urtero legez amaituko dituzte jaiak: Saragiaren hiletaren antzezpenagaz. Aurten antzezlan berezia izango da, obra egiten duten 100. urteurrena delako.
Errigoitin ere, tradizioak markatutako jaiak izango dira santakurtzeak. Bertso saioa egingo dute Bizkaiganen, eta ardi txakur txapelketa lehiatuko dute, gero (goizean zehar txistulariak eta trikitilariak ere ibiliko dira). Jende asko batzea espero dute, urtero modura, izan ere, hitzordu berezia da bertakoentzat zein ingurukoentzat. Amaia Ondartzak (Zuma txakurragaz), Azkorbek (Lutxi txakurragaz), Carlos Ardanzak (Mendi txakurragaz) eta Txiplasek (LLiur txakurragaz) lehiatuko dute txapelketa.
Artzainen bizimoduan erreferentzia argia da Santa Kurtze jaia. Birritan ospatzen da urtean, maiatzaren 3an eta irailaren 14an: Kurutze Santuaren aurkitzea ospatzen dute maiatzean, eta haren gorapena irailean. Maiatzekoak udako ordutegia hasteko garaia dela gogoratzen du, eta irailekoak, udazkena badatorrela. Artzainen bizimoduan ere erreferentzia argia da, maiatzean ardiak mendira igotzeko garaia delako, eta irailean ardiak berriro baserrira eroatekoa. Santa Kruz maiatzeko, morroiak siesta egiteko; San Krutz agorreko, siesta uzteko, dio esamoldeak.
EGITARAUA
Ariatza (Muxika)
Bihar, irailak 13. Bezpera.
20:15. Pregoia eta txupin jaurtiketa.
20:15. Makailao jana.
22:30. Porra txapelketa.
Etzi, irailak 14. Santa Kurtze Eguna.
12:00. Meza nagusia.
Ostean. Pintxoak.
14:30. Herri bazkaria.
18:00. Briska txapelketa.
Ostean. Txokolate jana.
Irailak 15. Santa Kurtze Bigarrena.
12:00. Arimen aldeko meza.
Ostean. Pintxoak.
Irailak 16.
20:30. Bertso saioa: Ibai Amillategi, Aitor Etxebarriazarraga eta Ander Elortegi.
22:30. Dj Gorriontxu eta Laztana.
Irailak 17.
15:00. Herriko kuadrillen arteko paella txapelketa.
17:30. Umeen jolasak.
20:00. Erromeria Kittu taldeagaz.
Irailak 18.
12:00. Meza nagusia.
Ostean. Ibarruriko Baso Txoritxu dantza taldearen dantza saioa.
13:30. Saragiaren hileta.
Errigoiti
Irailak 18.
11:00. Meza.
11:30. Bertsolariak.
12:00. Ardi txakur txapelketa: Amaia Ondartza (Zuma txakurragaz), Azkorbe (Lutxi txakurragaz), Carlos Ardanza (Mendi txakurragaz) eta Txiplas (LLiur txakurragaz).