Lamera bete, Kontxako txapeldunak zoriontzeko
127. Kontxako Bandera goxo hartu dute Bermeon. Arraunlariei eta gainontzeko kideei harrera beroa egin diete bermeotarrek, Lameran.
20:45 aldera ailegatu zen Kontxako Bandera Bermeora, txalo artean. Itsosupeteko harrera egin zieten bermeotarrek Bermeo Urdaibai Arraun Elkarteko arraunlariei eta gainontzeko kideei.
Bermeok nagusitasun osoz irabazi du 127. Kontxako Bandera, eta merezitako ospakizuna izan zen atzokoa. Lamera bete zuten bermeotarrek. Irribarreak, txalo zaparradak… Poztasuna igartzen zen asko eta askoren aurpegietan, eta hunkituta zeudela ere islatzen zuten askoren begiek. Txapeldunak, txapeldunak… oihu artean hartu zituzten arraunlariak.
Aritz Abaroa Bermeoko alkateak esan legez, banderak “taldearen indarragaz” irabazten dira, eta horixe erakusten ari da talde bermeotarra denboraldi honetan ere. “Zuek hemen zaudeten guztiok, atzetik behar egiten ari zareten guztiok talde bat zarete. Talde bat izanda, baita ere, gaur, Donostiako kaleetan, Talan eta herriko kaleetan egon zarete bermeotarrak”.
Iker Zabala Bermeo-Urdaibairen entrenatzailea izan zen oholtzan berba egin zuen klubaren ordezkari bakarra, eta eszenatokian ez zeuden klubeko kideez gogoratu zen: “Eurei denei txalo bero bat ematea gura dut”.
Ligaren bila. Zabalak arraunlarien lana goraipatu zuen, eta, ostera ere, aste honetan “irabaztera irtengo” dira: “Honek otsoak dira, irabazteko kristoren gosea daukate, eta baita neuk ere. Pasadan astean eta gaur erakutsi dugu Bermeo izan dela nagusi Kontxako Banderan, hemen dago bandera, eta ea datorren astean borobiltzen dugun, liga guretzat geratzen den”.
Eusko Label Ligaren liderra da Urdaibai, eta azkenengo jardunaldiak lehiatuko dituzte asteburu honetan, Bermeon eta Portugaleten. Horietan zortea izateko, “indarra emateko eta asteburuko estropadak eta liga irabazteko“, Xixiliren ileak eman zizkieten alkateak.
Zabalak azpimarratu zuen, datorren urtean berriro garaipenak lortzeko helburua badago, “orain dauden arraunlariek taldean segitu” behar dutela.
Barkamena. Bestalde, orain dela bi urte gertatutakoagatik barkamena eskatu zuen entrenatzaile bermeotarrak: “Badakit bandera honek dena ez duela ahaztuko. Orain dela bi urte gauza txar bat egin nuen, eta denoi barkamena eskatu gura dizuet; ez nintzen batere ondo portatu. Ez dezazue ahaztu orain dela 30 urtetik hona klubagatik egin dudana, eta klubarengatik egiten segituko dut aurrerantzean ere”