Basterra eta Aranguenarentzat Urdaibai Kopa
Ainhoa Zelaiak eta Imanol Goñik irabazi dute Gautegiz Arteagako mendi lasterketa, Urdaibai Kopako azkena. Sailkapen orokorrean, Julen Aranguena eta Maialen Basterra gailendu dira.
Atzo Gautegiz Arteagako mendi martxak eta lasterketa egin zituzten. Goizean goiztik, giro ederra eta kirolzalea nabarmendu zen, eta hainbat pertsona elkartu ziren Gaztelu-Zar elkartearen inguruan. Antolakuntzak martxa luzea, laburra eta mendi lasterketa prestatu zituen, profil guztietara egokitutako egitaraua osatuz. Mendizaleek, euren aldetik, ondo erantzun zuten: ia 500 parte hartzaile hartu zituen Gautegiz Arteagako martxa eta lasterketak. Hortaz, martxalariek zein lasterkariek ez zuten galdu gura izan aurtengo Urdaibai Kopako azkenengo zita, eta modu bikainean eman zioten amaiera lehiaketari.
Mendi lasterketari dagokionez, 60 korrikalari inguruk parte hartu zuten, eta Ainhoa Zelaia errigoitiarra nahiz Imanol Goñi natxituarra nagusitu ziren. Zelaiak 02.03.16ko denbora behar izan zuen 17 kilometroko eta 970 metroko desnibeldun ibilbidea osatzeko; bigarren postuan, Maria Zorroza gernika-lumotarra sailkatu zen, 02.08.47koagaz; podiuma Gernika Atletismo Taldeko Jone Oar-Arteta gazteak osatu zuen, 2.12,23ko denboragaz.
Gizonezkoen artean ere goi mailako lehia izan zen. Arrolape Mendi Klubeko Imanol Goñi natxituarra jaun eta jabe izan zen: 01.28.53an gelditu zuen erlojua, eta ia bi minutuko aldea atera zion Julen Aranguena kortezubitarrari; Aranguenak 1.30,26ko denboragaz amaitu zuen lasterketa. Hirugarrena kopa osoan maila handian ibili den Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra izan zen. Mendatako mendi maratoian bigarren sailkatu berritan iritsi zen Lejarzegi Gautegiz Arteagara, eta ez zuen kale egin. Ajangizko arrolapetarrak 01.34.23ko denbora behar izan zuen, ibilbidea osatzeko.
Gazteen nahiz beteranoen sailkapenei dagokienez, Oar-Arteta izan da emakumezko gazterik azkarrena eta Leire Monasterio errigoitiarra, ostera, beteranarik onena, 02.15.10eko denboragaz. Gizonezkoen artean, berriz, bizkorren ibili den beteranoa Javier Lozano izan da, 01.43.02ko denboragaz; gazterik onena, aldiz, Xuban Muniozguren, 01.38.28koagaz
Kopa oso lehiatua. Aurtengo Urdaibai Kopan lehiakortasuna eta parekotasuna goiko kotan egon dira. Ibarruri, Gernika-Lumo, Nabarniz eta, azkenik, Gautegiz Arteagako lasterketen ondoren, Julen Aranguena eta Maialen Basterra gailendu dira. Basterra irabazleak eta bigarren sailkatutako Monasteriok, hain zuzen ere, berdinketagaz amaitu dute txapelketa, bakoitzak 190 puntu poltsikoratuta. Dena dela, Basterrak kopako lehendabiziko proban, Ibarrurin, garaipena eskuratu zuen eta, horrenbestez, sailkapen orokorra ere lortu du. Emakumezkoen azken podiuma Maitane Garciak osatu du, 166 puntugaz.
Gizonezkoen artean ere sailkapen orokorreko lehia benetan estua izan da. Aranguenak irabazi du Urdaibai Kopa, 199 puntugaz. Lejarzegik lehiaketa bigarren postuan amaitu du, Aranguenarengandik oso hurre: 193 puntu lortu ditu guztira. Podiumeko hirugarrena Kepa Bastegieta gernika-lumotarra izan da, 186 puntu lortuta. Gazte mailan, Ander Villanueva, 96 puntugaz, eta Maitane Garcia, 166gaz, nagusitu dira. Beteranoetan, berriz, Monasterio, 190egaz, eta Lozano, 157gaz.
Antolatzaileak “oso asebeteta” agertu dira domekako giroagaz: “Herritarrek izugarri lagundu zuten antolakuntzan eta horrek inongo arazorik ez egotea ekarri zuen; oro har, oso pozik gaude eguna zelan joan zen ikusita, parte hartzaileak ere zoriontzera etorri zitzaizkigun-eta”. Probako helburu nagusia bete dute: emakumezkoak eta, batez ere, emakume gazteak mendizaletasunera hurbilaraztea. “Martxetan nahiz lasterketan emakumeen parte hartzeak gora egin du, eta hori oso adierazgarria da gure egitekoa betetzen ari garela egiaztatze aldera”, adierazi dute. Hurrengo urtera begira “goranzko dinamika horri eustea” eta, horregaz batera, Urdaibai Kopako “herri eta lasterketa kopurua handitzea” izango dira jomugak.