Gozatzeko asteburua
Andra Mari jaietan bete-betean murgilduta daude asteburu honetan Gorozikan, Kanalan, Muruetan eta Nabarnizen. Gaur dute jaietako azkenengo eguna, eta asteburuan zegaz gozatu eduki dute adin guztietako herritarrek.
Txapelketen eguna izan zen atzokoa Muruetan. Goizean paellak egiten aritu ziren kuadrillak, arratsaldean, berriz, tortillak, eta egunaren amaieran, play back lehiaketa egin zuten. Goizetik bertako eta inguruko jende asko batu zen plaza inguruan, eta, esate baterako, paella txapelketara, 16 paella aurkeztu zituzten. Beti Txarrak taldea izan da aurtengo txapelduna; Mozolotoki sailkatu zen bigarren, eta Muruetarrak hirugarren. Eguerdia euskal kantekin girotu zuten, Kantu Kantariko musikarien eta abeslarien eskutik.
Gaur eguerdian ere jendetza batzea espero dute; izan ere, Urdaibai dantza taldearen saioaren ostean, aizkolari gazteenEuskadiko Txapelketa lehiatuko dute (aizkolari helduen erakustaldia ere egongo da).
Mozorrotzeko eguna. Bestalde, askotariko mozorroekin jantzi ziren atzo Kanala eta Nabarniz.
Nabarniztarrak eguerdian mozorrotu, eta herri bazkarian elkartu ziren udalerriko tabernetan. Arratsaldean plaza izan zuten bilgune; zirko eskolan ikasi eta ondo pasatzeko tartea hartu zuten ume nahiz gaztetxoenek. Egun ederra musikaz borobiltzeko EinGo taldeko musikariak izan zituzten lagun.
Kanalan, ostera, iluntzean egin zuten mozorro desfilea, eta bertan ere umorea, musika, irudimena eta parrandarako gogoa ez ziren falta izan. Jasone erregina eta bere jarraitzaileekin hasi zuten desfilea, eta herriko artalde zoroak egin zuen azken erakustaldia.
Atzo Muruetan egin modura, gaur Kanalan egingo dituzte paella eta tortilla txapelketak. Era berean, Kanala dantza taldeak emanaldia eskainiko du eguerdian, eta, Nabarnizen ere Kabelinatxe dantza taldekoen txanda izango da.
GAURKO EGITARAUAK
*Gorozika
– 13:00. Triki-poteoa.
– 17:30. Briska Txapelketa (izen ematea: 10 euro bikoteko).
– 20:00. Txokolatea denontzat.
– 20:30. Jaiei amaiera emateko traka ikusgarria.
*Kanala
– 11:00. Meza
– 11:30. Paella eta tortilla txapelketetarako izen ematea.
– 12:00. Kanala dantza taldearen emanaldia.
– 13:00. Hamaiketako herrikoia.
– 14:30. Paellen eta tortillen txapelketaren aurkezpena.
– 15:00. Sari banaketa.
– 18:00. Pilota partidua.
*Murueta
– 11:30. Eliz ospakizuna.
– 12:30. Urdaibai Dantza Taldearen erakustaldia.
– 13:30. 2022ko Euskadiko aizkolari gazteen txapelketa eta aizkolaro helduen erakustaldia.
– 15:00. Jaien amaiera.
*Nabarniz
– 13:00. Meza.
– 13:30. Kabelinatxe.
– 17:00. Esku pilota partiduak frontoian.