Bermeorena da 127. Kontxako Bandera
Kontxako bi jardunaldietan ez du parekorik eduki talde bermeotarrak, eta nagusitasun horren sari preziatua poltsikoratu du. Gaur 20:30ak aldera harrera beroa egingo diete bermeotarrek txapelduniei, Lameran.
“Olatuan” dago Urdaibai, bolada oso onean. Eusko Label Ligan lider, eta orain denboraldiko banderarik bereziena bereganatu du. 2016tik itxaroten zeuden Bermeon (2016an gaurko modura, irailaren 11n irabazi zuten bandera), eta, aurten bai, Bermeo-Urdaibai nagusi izan da 127. Kontxako Banderaren bi jardunaldietan.
Gaur 20:30ak aldera harrera beroa egingo diete bermeotarrek txapeldunie, Lameran.
Merezimendu osoz, nagusitasunez gailendu da talde bermeoatarra. 19 minutu, 35 segundo eta 92 ehunen egin ditu gaurko estropadan Bou Bizkaiak (aurreko domekan 7 segundoko abantaila lortu zuen). 8 segundo eta 34 ehunen atera dizkio Donostiarra bigarrenari, eta Hondarribia urruntxo geratu da ia 23 segundora. Hasiera indartsua egin du Bou Bizkaiak, eta ondo eutsi dio estropada osoan zehar, abantailak apurka-apurka handitzen, tarteak zabaltzen. Ziabogan Donostiarra izan da azkarrena, eta segundo bakarrera sartu da Bermeo; hala ere, ziaboga hobea egin du talde bermeotarrak. Poparian Bermeokoak beste maila batean daudela ikusi da.
Bi domeketako denborak batuta, Bermeok 38.57,48 denboragaz irabazi du bandera (ofizialki klubaren seigarren Kontxako bandera da). 16 segundo eta 4 ehunenera sailkatu da Donostiarra, eta 30 segundo eta 48 ehunenera Hondarribia. Asko zeukaten jokoan gaur, bai, eta hiru arraun taldeek 1. jardunaldiko eskifaia errepikatu dute; ez dute arriskatu gura izan.
Gorka Aranberri (Bermeo-Urdaibaiko patroia): “Taldeari lehertzea falta zitzaion, eta egun handietan modura, lehertu egin da.
2016an aurreko Kontxako bandera ere Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia zela irabazi zuten, eta patroiak esan bezala, gaurkoa “denentzat” da egun handia: “Taldeari lehertzea falta zitzaion, eta egun handietan modura, lehertu egin da. Gaur horixe egin behar zuen taldeak, eta hasieratik erakutsi du. Gorabehera asko izan dira azken urteetan; Bermeok irabazteko aukera asko eduki ditu, aukera gabe ere etorri izan da, eta, orain, 2016ean utzitako tokian gaude berriro, egun berdinean, gainera”. Kontxako Banderaren lorpenen zerrendan, bigarren tokia hartu du Aranberrik; zazpigarren aldiz irabazi du, eta “gaur inoiz baino okerrago” zegoela aitortu du, “urduri eta lorik egin ezinda”. Ume txiki bat bezala, ilusio handiz egon dela azpimarratu du, eta estropada osoan zehar asko gozatu duela: “Lan bikaina egin dugu, gure lana egitera atera gara, eta zoragarri egin dugu”.
Iker Zabala (Bermeo-Urdaibaiko entrenatzailea): “Ez da normala horrenbeste gauza irabaztea, baina olatuan gaude, momentu onean, eta ondo aprobetxatu dugu”
Iaz Santurtzigaz irabazi zuen bandera Iker Zabala entrenatzaile bermeotarrak, eta gaur “iaz baino lasaiago” egon da: “Ematen du ohituta nagoela. Baina hau ez da bizitza normala, ez da normala horrenbeste gauza irabaztea, baina olatuan gaude, momentu onean, eta ondo aprobetxatu dugu. Zorionak Bermeoko herriari eta Bermeoko traineruari”. Arraunlariak “oso indartsu” ikusten ditu, eta gaur estropada itzela egin dutela esan du: “Kristoren lana egin dute, eta gaur disfrutatu egin behar dugu. Bermeori su emango diogu, eta bihartik aurrera ligan pentsatuko dugu”.
“Poztasunez” berba egin du Iñaki Goikoetxea Tabero taldeko lekeitiarrak ere: “Urte osoan oso kontzentratuta goaz, emozio eta gorabehera asko dira, eta halakoetan pertsona askogaz gogoratzen zara. Badakit pertsona bat Zaballako espetxetik ikusten egon dela, eta Iurgi Garitagoitiari besarkada estu bat bidali nahi diot, eta ea denak laster etxean dauzkagun”.
Jon Unanue (Bermeo-Urdaibaiko arraunlaria) : “Donostiara puntu oso onean heldu gara, eta bi aste hauetan ikusi da”
Urdaibairen motorretako bat den Alain Kolunga ondarrutarrak esan du “lehenengoz Kontxako bandera irabazi zueneko sentsazio berdinak” dituela: “Sentsazio hauek ezin dira ahaztu, eta irabaztea zer den ezin da deskribatu”. Jon Unanue taldekideak ere pozarren hitz egin du, eta garaipena Bermeoren zale guztiei eta Bermeoko herri osoari eskaintzen dietela adierazi du. Denboraldi honetan behetik gora aritu dira: “Hasieran erregulartasun falta eduki genuen, gero, poliki-poliki goraka joan gara, eta Donostiara puntu oso onean heldu gara, eta bi aste hauetan ikusi da. Gaur hasieratik bukaerara nagusi izan gara, eta pozik gaude”.
127. Kontxako Banderaren gizonezkoen sailkapen orokorra:
- 1.- Bermeo-Urdaibai: 38.57,48
- 2.- Donostiarra: 39.13,52 (+16,04)
- 3.- Hondarribia: 39.27,96 (+30,48)
- 4.- Orio: 39.55,06 (+57,58)
- 5.- Getaria: 39.56,04 (+58,56)
- 6.- Zierbena: 40.01,96 (+1.04,48)
- 7.- Kaiku: 40.23,08 (+1.25,70)
- 8.- Ondarroa: 40.37,90 (+1.40,42)
127. Kontxako Banderaren gizonezkoen 2. jardunaldia:
- 1.- Bermeo-Urdaibai: 19.35,92
- 2.- Donostiarra: 19.44,26 (+8,34)
- 3.- Hondarribia: 19.58,76 (+22,84)
- 4.- Zierbena: 20.03,56 (+27,64)
- 5.- Orio: 20.04,48 (28,56)
- 6.- Kaiku: 20.04,78 (28,86)
- 7.- Getaria: 20.11,06 (+35,14)
- 8.- Ondarroa: 20.12,76 (+36,84)
Emakumezkoen lehia. 11:30ean emakumezkoen estropadagaz hasi da ikuskizuna Kontxako badian. Oriok irabazi du bandera, eta etxeko bi arraun taldeak sailkatu dira atzetik: Donostia Arraun Lagunak geratu da bigarren, eta Donostiarra hirugarren.
Erakustaldia eman dute orioatarrek. 10.36,80an amaitu dituzte gaurko lanak, eta aurkariak oso gertu eduki dituzte; 14 ehunen eskas atera dizkiete Donostiarrak Arraun Lagunakeko arraunlariei.
XV. Kontxako Banderaren emakumezkoen sailkapen orokorra:
- 1.- Orio: 21.14,32
- 2.- Donostia Arraun Lagunak: 21.16,62 (+2,30)
- 3.- Donostiarra: 21.37,80 (+23,48)
- 4.- Tolosaldea: 21.37,83 (+23,51)
- 5.- Hondarribia: 21.48,95 (+34,63)
- 6.- Hibaika: 21.56,41 (+42,09)
- 7.- Cabo: 22.02,59 (+48,27)
- 8.- Chapela: 22.21,74 (+1.07,74)
XV. Kontxako Banderaren emakumezkoen 2. jardunaldia:
- 1.- Orio: 10.36,80
- 2.- Donostia Arraun Lagunak: 10.36,94 (+0,14)
- 3.- Tolosaldea: 10.45,00 (+08,20)
- 4.- Donostiarra: 10.46,98 (+10,18)
- 5.- Hondarribia: 10.58,48 (+21,68)
- 6.- Hibaika: 10.58,50 (+21,70)
- 7.- Cabo: 11.02,94 (+26,14)
- 8.- Chapela: 11.06,56 (+29,76)