Hamarkada luze bat, eta ‘Bizirik’
Aritz Rementeria gernikarra Kaleko Urdangak taldeko abeslaria da. ‘Bizirik’ albuma kaleratu dute. Beren ohiko punk-oi! estiloari fidel eutsi diote, denetariko gaiak landuz.
Aritz Rementeria Remen-ek Lurgorri auzoan du estreinako oroitzapen musikalaren gomuta; Jon anaia nagusia musikazale amorratua izanda, haren lagunek utzitako kaseteak grabatzen zituen, anaiak ez baitzizkion originalak entzuten uzten. Heavy metala eta, oro har, euskal taldeak ziren lehen zinta haietatik iritsi zitzaizkionak. Denboraren poderioz, bakoitzak bere bide musikalerantz jo zuen: Jonek punk-rock melodikorantz; Aritzek, aldiz, punk-oi! girorantz. Bere abentura musikala martxan zen, eta, bidean, Bertsiolarixek edota Tears&Beers taldeetan abeslari aritu zen, batik bat.
Hain zuzen, Tears&Beers-en lehen lana gerora bere taldekide izango zen Aniotz Birumbrales Biru-k grabatu zuen, Bergaran. Grabazio sesio hartan ikusi zuen Biruk gernikarra, abeslari txukuna izateaz gain, plazagizona ere bazela. Isilune sasoi batetik esnatzen ari zen Kaleko Urdangak taldeak justuki, behar zuen pieza zen. “Eszena musikal berean mugituta, lehendik ere bagenuen elkarren berri; hain zuzen, Kaleko Urdangakekin eszenatokia elkarbanatuta geunden harrezkero, baina, egia esan, bera izan zen nirekin harremanetan ipini zena”.
“Kaskamotz eszenak odol berria eta, batez ere, ilusio handia beharrezkoak ditu”
Biruk, hori bai, ez zuen egunik aproposena aukeratu Remen atzemateko: “Inozente Egun batez proposatu zidan abeslaria izatea eta, hasieran txantxetan zebilela pentsatu arren, ez nuen zalantzarik egin”. Ordutik, jo eta su dabil taldean; ekin horren azken emaitza da kaleratu duten LPa, Bizirik izenekoa. Remenek, Biruz gain, Aitor Kortabarria Moto eta Ekaitz Etxezarreta ditu bidelagun; abeslariaz gain, formazioa duela hamarkada bat hasitako berbera da.
“Kaleko Urdangak bizirik dago”, adierazi du Remenek. Betidanik izan dituzte “zale leialak“, baina orain “dezente” zabaldu da beraien sona, eta “sasoi puntu onean” daude. Hiru urte pasatxo igaro dira taldearen azken LPa, Nortasuna, kaleratu zutenetik; tartean, Vis Vires talde amerikarragaz split bat egin zuten eta Kaleak Sutan EPa. 2020ko martxoan, “mundua gelditu egin zen”, hain zuzen, Kaleak Sutan aurkeztekotan zeudela, eta kontzertuetako ekosistema aldatu egin zen: “Kaleko Urdangaken zuzenekoak ez dira bateragarriak jesarrita ikusteagaz, musukoagaz egoteagaz eta, oro har, mugekin. Hortaz, pandemia amaitu arte gelditzea erabaki genuen, eta Bizirik sortzen eta prestatzen aritu ginen”.
Erregistro biko albuma. Bizirik, jorratzen diren gaiei dagokienez, “disko oso aberatsa” dela azaldu du Remenek: “Nekatuta gaude kaskamotz mugimenduari egozten zaizkion topikoez; hortik harago, interesatzen zaizkigun gai ugari ontzen ditugu”. Musikalki ere ez dira mugatzen. “Bi erregistro bereizten ditut Kaleko Urdangaken musika estiloan: batetik, rock-and-roll kutsu nabarmena duten kantak; bestetik, abesgarriagoak direnak, beharbada, errepika aldetik edo melodiagatik”.
Euskaraldia, D eredua, Euskal Telebista eta ostiak. Hizkuntz hipokresiaz mintzo dira urdangak, Hitz egidan/k abestian: “Euskara altxortzat dugu ustezko euskaldun zaharrok, gure estandartea da, baina ez gara egunerokotasunean erabiltzeko besteko duinak, eta ikasten dabilenari errazegi egiten diogu burla”. Euskal Herriaren historia beti izan da Kaleko Urdangaken abestien hitzetako ohiko gaien zerrendako goiko kotan. Hainbat eta hainbat dira historiako pasarteak edota kontuak lantzen dituzten kantuak: Iratiko basoan, Gure historia, Santa Ageda eta abar. Lan berrian, Agosti Xahori eskaini diote abesti bat. Remenen arabera, Etxezarreta eta Kortabarria dira horren erantzuleak: “Ekaitz historialaria da, eta Motori Xahoren Azti-Begia liburua pasatu zion, eta Motok bere kabuz sortu zituen hitzak“.
Jose Miguel Beñaran Argala-ren memoriari eskaini diote Arima kantua. “Euskal Herri langile baten arima, dio kanta horren letrak; gure ustez, Argalak bikain uztartzen zituen klase kontzientzia eta abertzaletasuna. Bere eragina oso esanguratsua da, batik bat, sigla arteko gerra sasoi honetan. Gazte langileak elkarren arteko gerra antzu batean dabiltzala iruditzen zait, eta, bien bitartean, benetako aurkari politikoa eskuak igurzten dagoela. Tristeziaz bizi dut egoera hau, eta etorkizun iluna ikusten diot, batez ere, abertzaletasunari”.
Auzoari omenaldia. Taldeak, bere ibilbide osoan zehar, auzo nahiz herri txikiak babestu izan ditu. Eman bai! lehen albumeko Auzoan jaio naiz kantatik, Bizirik albumeko Azken argiak kantaraino. “Gu auzotik gatoz, eta auzoen nortasuna defendatu gura ditugu; globalizazioak lekukoaren izaera galtzea eta, abesti horretan diogun legez, jendea alienatzea ekarri du”. Abestietan atsegin ez dituztenak azaleratu arren, Remenek aitortzen du “oso pozik” dagoela lan berriak jasotako harreragaz. “Euskal Herriko bazter denetatik deitzen digute jotzera joateko, eta, gainera, nazioartean ibiltzeko aukera ere eduki dugu”. Europara lehen irteerak egin dituzte dagoeneko, eta azkenekoz Frantzian ibili ziren; hain zuzen, Parisko emanaldia akorduan dauka gernikarrak: “Soinu aldetik desastrea izan zen, baina ikusleek egundoko jarrera izan zuten; bikain pasatu genuen”.
Inguruko kaskamotz eszenaz galdetuta, Markina-Xemein eta Bermeo aldera begiratzen du Remenek: “Bermeon punk, oi! eta hardcorearen inguruko talde dezente daude, adibidez, Revertt, Santa Cruz, Arresi zein Ogro. Markina-Xemein aldean, beharbada, ez daude hainbest talde, baina Okerrak lagunartea dago, eta, apurka-apurka, hasi dira kontzertuak antolatzen. Lekeition Zikin taldea ere badago. Gernikan, Gerniska Rudelarikoak aritzen dira. Horiez gain, Iparragirre Rock Elkartean Kolpeka taldeko gazteak daude. Oro har, hori behar du eszenak: odol berria eta, batez ere, ilusio handia“.