Arrantza ontzien hornitzaileak omendu dituzte Bermeoko Arrantzale Egunean
Lamera Gane Txokoak arrantzarako beharrezkoak ziren tresnak egiten zituzten ogibideak izan ditu gogoan aurten.
Bermeoko Lamera Gane Txokoak arrantza ontzien hornitzaileen lana aitortu du aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako Arrantzale Egunean. Tuntux egileen, upelgileen, otzaragileen eta portuko jagoleen beharrak izan dituzte gogoan, eta ogibide horien lau ordezkari omendu dituzte gaur eguerdiko ekitaldian: Luis Renteria Ispizua, Iñaki Bilbao Atxurra, Francisco Ganboa Elordui eta Adrian Benguria.
“Lanbide edo ofizio horiek guztiak arrantzarako ezinbesteko industri-laguntzaileak ziren; esaera zahar batek dioen moduan, arrantza ez da itsasoan bakarrik egiten, lurrean hasten da”, gogoratu dute txokoko kideek. Arrantzarako beharrezkoak ziren tresnak egiten zituzten, eta tresna horietako batzuk ikusgai egon dira gaur.
Renteria izan zen Bermeoko portuko azken jagolea, eta haren alargun Pakita Monasterio Elortegik parte hartu du omenaldian. Ogibide horren jatorria kontatu dute Lamera Ganekoek: “Erresaka garaietan Bermeoko portua ez zen batere ziurra, eta gabaz itsasontziek amarratzeak zaintzeko lanbide hori sortu zuten armadoreek”. Ontziren bati zerbati gertatuz gero, jagoleak jakinarazten zion jabeari, eta eragina orokorra zenean, sirena jotzen zuen flota guztiak jakin zezan.
Herrian iturgin moduan ezagun den Bilbaok tuntuxek egiten zituen. Tertza teknika hori bisigutarako eta papardoetarako erabiltzen zuten. Burdinzuriz edo latorriz egiten zirenenez, latorrigileen lana zen. Baporeen kolore, izen eta seinale edo zenbakiekin margotzen zituzten, kolore biziz eta nabarmenez, itsasoan hobeto bereizteko.
Ganboa saskigilearen omenezko oroigarria haren biloba Rosario Ganboa Jorgek jaso du. Bere aitonak Ertzilla Kalean zeukan lantokia. “Gure herrian ugariak ziren otzarak egiten zituzten artisauak; materialak ia berdinak izan arren, neurri askotakoak egiten zituzten”, esan dute Lamera Ganekoek. Otzara handienetan, besteak beste, itsasontzietarako ikatza, dendatik baporeetara elikagaiak, sare txikiak, tertzak eta abar garraiatzen zituzten, baita arrainak moilara eroan ere. Otzara txikiagoak zirenak, “sardin-otzarak” andrak eroaten zituzten buruan: “Izenak berak aipatzen du otzaron garrantzia, hau da, sardina, edo, orokorrean, arraina garraiatzeko ziren, bai baporetik etxero edo arrain-salmenta lekuetara. Gure herriko andrak Gernikara edo Bilboraino joaten ziren arraindegietara eta azoketan arraina saltzera. Sarritan 50 kiloko pisuak garraiatzen zituzten gure amonek”.
Benguria upelgilearen bilola Galder Benguria Galdonak parte hartu du ekitaldian. Lamera Ganekoek azaldu bezala, Bermeon upelgile nahikoa egon ziren sasoi batean. Gehienetan egurrezko barrilak egiten zituzten, neurri eta forma desberdinetakoak. Arrain kontserberetarako upel handiak egiten zituzten, eta arrainak garbitzeko eta antxoak zein bestelakoak gatzetan ipintzeko ere egiten zituzten.