Xixiliri ondoetorria eman diote bermeotarrek
Xixiliren esperoa luzea izan da oraingoan bermeotarrentzat; bi urte luze itxaron behar izan dituzte, baina bueltan dago ilehoria, herritarrekin batera Andra Mari eta Santa Eufemia jaietaz gozatzeko. Julen Urdaibaik bota zuen atzo pregoia.
Almikako jaitsierakin motorrak berotu ostean, 21:45 orduko, Bermeoko Goiko plaza betetzear zegoen. Mahoiak eta zapiak plazako izkina guztietan ikus zitezkeen, eta festa gogoa pil-pilean zegoen. Denak zeuden Xixiliren esperoan, Xixili balkoira noiz aterako zain. Eta, bi urtez esperoan egon eta gero, ailegatu zen ordua. 21:50ean bermeotarren oihuz bete zen plaza, eta txalo zapadarragaz eman zioten ongoetorria Andra Mari eta Santa Eufemia jaien –baita Bermeoren– ikur den Xixiliri. Xixiliren esperoa luzea izan da oraingoan bermeotarrentzat; bi urte luze itxaron behar izan dituzte, baina bueltan dago ilehoria, herritarrekin batera Andra Mari eta Santa Eufemia jaietaz gozatzeko.
Jaiak hasteko, baina, 10 minutu geratzen ziren, eta 22:00ak puntu puntuan eman zioten hasiera aurtengo Bermeoko jai nagusiei. Hori egiteaz arduratu zen Julen Urdaibai. Aurtengo pregoilariak “ohore handiz” hartu zuen pregoia jaurtitzeko aukera, eta harrotasun “osoz” eraman duela beti Bermeoren izena adierazi zuen: “Harrotasun osoz eroan izan dut beti Bermeoren izena nazioartean, eta eramaten jarraituko dut beti Bermeoren izena eta bermeotarren izana munduan zehar. Ohore bat da niretzat”. Leku askotatik aritu da korrika, leku desberdin asko ezagutu ditu, baita kultura ezberdin asko ere, baina ez dagoela Bermeolakorik adierazi zuen. “Ez dago lekurik Bermeolakorik, eta ez dago inor bermeotarrolakorik”. Halaber, bermeotarrengandik jasotako babesa eskertu zuen korrikalariak, eta txalo zaparradagaz erantzun zioten herritarrek.
Lehenago, baina, Aritz Abaroa Bermeoko alkateak hitz batzuk eduki zituen herritarrentzat. Adierazi zuen beti izan direla “bereziak” atzo hasi eta irailaren 16ra bitartean biziko dituzten festak: “Gure Andra Mariak ez dira edozelako jaiak, bermeotarron alaitasunaren eta garenaren isla dira. Holakoak garelako bermeotarrok: lanerako eta laguntzeko deitzen digutenerako serioak, baina parrandarako ordua ailegatzen denean, beti beso zabalik eta pozik agertzen garenak”.
Bermeoko jaiak eredugarriak izan direla beti azpimarratu zuen alkateak, eta horrela izaten jarraitzeko, elkarrenganako errespetua eta ezberdinen arteko inplikazioa “ezinbestekoak” direla aldarrikatu zuen: “Inork ez dezala ahaztu gure herriko jaiak bermeotar guztion jaiak direla. Gozatzeko eta ondo pasatzeko momentua da. Gauden lekuen gaudela, agertu dezagun argi eta garbi herri honek ez duela onartuko ezelako erasotzailerik, ezelako erasorik, ezelako mehatxurik, ezta jarrera desegokirik ere. Ozen aldarrikatu dezagun: ez ezetza da”.
Gainera, herritarrek jaiak antolatzeko erakutsi duten konprimisoa aitortu nahi izan zuen Abaroak. Pandemia osteko normaltasunera bueltatzerakoan, “herritarrek erakutsi duten beharrerako gogoa eta konprimisoa” azpimarratu zituen: “Xixiliri bermeotarrok ematen diogu bihotza. Jai hauek posible dira bermeotar askoren eta askoren beharrari eta konpromisoari esker. Horregatik, plaza honetatik, bermeotar guztien izenean, eskerrik asko!”.
Bermeotarrak nazioartekoak direla esan ohi da, eta duela 500 urteko mundu biran egon ziren 7 bermeotarrez ere akordatu zen alkatea. “500 urte pasatu dira, eta nazioartekoak izaten jarraitzen dugu, bermeotar asko daudelako munduan zehar gure herriaren izen ona zabaltzen, pregoilaria kasu. Bermeoren izena harrotasun osoz, mundu guztian zehar banatzen duen eta zabaltzen duen Julen Urdaibai. Gure herriaren izen ona eta kirolaren filosofiarik ederrena transmititu ditu hainbat lekutan”, esan zuen Abaroak.
Pregoiak botata, txupina jaurtitzea eta jaiak eztanda egitea besterik ez zen falta. Eta txupinaren hotsa entzun bezain laster, Bermeoko bandera eta ikurrina igo eta plaza jai giroz lehertu zen. Xixiliri ondoetorria ematen dion kantuak bete zuen ingurua, eta bermeotarrek gogotsu kantatu zuten horrenbeste denboraz kantatzeko aukerarik izan ez dute ilehoriaren kantua.
Laminen puntetik zuzenien
giruek berbiztu dauenien
mahoie jantzitte gonapien
Lameran sartu da jente artien
Irrintzi artien hor Xixili
kendu dau galbanie
zapidxe imini
jai itsosuen jai baserridxen
egunaro egunaro kalien
Gaztelugatxeko Doniene
bedeinkatu gagizula
lehorrien be
bermiotarra lagun artien
egunaro egunaro kalien