Urdaibai Kopako azken geltokia
Gautegiz Arteagak Urdaibai Kopako azken lasterketa hartuko du domekan. Martxa luzea eta laburra ere egongo dira. Ia 400 pertsonak izena eman dute gaur-gaurkoz.
Domekan Gautegiz Arteagako mendi martxa eta mendi lasterketa egingo dituzte. Herriko jaiak bukatu berri egon arren, ospakizun giroak jarraitu egingo du Gautegiz Arteagan; izan ere, domekakoa 2022ko Urdaibai Kopako azken proba puntuagarria izango da, Ibarrurin, Gernika-Lumon eta Nabarnizen egindakoen ondoren. Gautegiz Arteagako martxa eta lasterketako antolakuntza lantaldeko Xabier Baldatikak aurreratu du gaur-gaurkoz 350 lagun inguruk izena eman dutela. Dena dela, argitu du domekan 400 pertsonatik gorako parte hartzea aurreikusten dutela.
Parte hartzaile muga 500 lagunekoa denez, “oso pozik” daude. “Pasatu ditugun garai gaitzen ondoren, badirudi gauzak bere bidera bueltatzen ari direla eta, beraz, jendea horrelako egitasmoetan parte hartzeko gosez nabaritzen dugu”, adierazi du Baldatikak. Oro har, antolatzaileak “oso pozik” daude mendizaleen erantzunagaz, eta domekan “jende ezagun zein ezezagun pila bat elkartzea” espero dute. Denetariko maila eta helburuetara moldatutako egitaraua egongo da Gautegiz Arteagan: martxa txikian, martxa luzean eta mendi lasterketan parte hartu ahalko dute bertaratzen direnek. Ibilbide guztiak Gaztelu-Zar Elkartearen aurrean hasiko dira.
Distantziarik laburrenekoa 11:00etan hasiko da, eta sei kilometroko “ibilbide eder nahiz erraza” dedukiko du. Martxa luzekoak, ostera, 09:00etan hasiko dira oinez, hamabost kilometroko eta 740 metro positiboko desnibeldun ibilbidea osatzeko. Urdaibai Kopako azken mendi lasterketakoek, aldiz, 10:00etan ekingo diote korrikaldiari; hamazazpi kilometro eta 970 metro positibo gainditu beharko dituzte mendi lasterkariek. Martxa luzekoek eta mendi lasterketakoek pareko ibilbidea izango dute eta biek ala biek bat egingo dute, amaiera aldean, martxa laburreko ibilbideagaz. Proba luzeenen arteko alde bakarra hasiera izango da: lasterketakoak Ereñozar mendiko San Miguel baselizara igo beharko dira, eta ostean egingo dute bat martxa luzeko ibilbideagaz.
Edertasunari keinua. Baldatikak azaldu du ardatza “Gautegiz Arteagako ingurune zoragarriak eta euren artean hain desberdinak” izango direla. “Ibilbideak artadietatik, zelaietatik edota paduretatik igaroko dira; parte hartzaileek egundoko ikuspegiez gozatzeko aukera paregabea edukiko dute, eta antolakuntzatik uste dugu gozamena izango dela naturaren edertasuna maite duten guztientzat”, adierazi du. Bestalde, Urdaibai Kopako azken proba puntuagarria izanik, irabazleak sarituak izango dira: lehiaketako eta azken lasterketako irabazleek txapelak jasoko dituzte. Podiumeko gainontzeko bi postuetan amaitzen direnek oroigarria jasoko dute. Horiez gain, beteranoen zein gazteen lasterketako eta txapelketako irabazleek ere saria jasoko dute.
Hautagaiez galdetuta, Baldatikak argiago ditu gizonezkoen probako faboritoak zeintzuk izan daitezkeen: “Egundoko maila erakusten ari den Julen Aranguena, Mendatan bigarrena izan berri den Ekaitz Lejarzegi edo aspaldiko partez mendian lehiatuko duen Joanes Goitisolo azpimarratuko nituzke”. Emakumezkoen aurreikuspena egitea “zailagoa” dela adierazi arren, Leire Monasterio errigoitiarra «lehian» egon daitekeela uste du.