Euskal Herriko Lehen Jatunaldi Lodiek beteko dute Astra
Gorputz potoloak aldarrikatuko dituzte, sartzen ez diren eta kabitu nahi ez duten subjektu politiko modura. Lodiei zuzendutako saioak izango dira asteburukoak.
Ezin kabitu! lelopean, Euskal Herriko Lehen Jatunaldi Lodiak antolatu dituzte Astran. «Euskal Herriko lodiak, fokak, potolak, baleak, ixkuak, rellenitak eta obesa morbidak gure sofetatik altxatzea erabaki dugu Euskal Herriko lehen jatunaldi lodiak antolatzeko», adierazi dute antolatzaileek.
Bihartik domekara bitartean, loditasuna afera politiko modura lantzeko tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak eta bertso saioak antolatu dituzte. Antolatzaileek diotenez, Jatunaldiak hiru eguneko «irla bat» izango dira Euskal Herrian: «Lodifobiak zeharkatutako gorputzen politikak aztertzeko elkartuko gara. Hiru eguneko irla bat sortu nahi dugu Euskal Herria patriarkal eta gordofoboaren baitan elkarrekin egoteko, pentsatzeko, jolasteko, tripak eta izterrak elkarri igurzteko eta lasdaskan aritzeko. Jateko eta konspiratzeko espazioa sortzera goaz».
Bada denbora borroka eta gozamenerako «espazio propio baten beharra» zutela, eta «maitasunez eta harrotasunez» ezin kabitu dabiltza azken hilebeteetan sortzen ari diren Euskal Herriko potolen arteko aliantzak egosten: «Autogestioan eta elkarrekiko begirunean oinarritutako orain arteko bidea konpartitzearekin, hunkituta eta motibazioz gainezka gaude».
Beharrizana
Antolatzaileek uste dute lodifobia «biolentzia estruktural» modura egituratuta dagoela gizartean, eta zapalkuntza sistema hori hainbat egoeren ondorioa dela. Izan ere, salatu dute lodiak ez direla kabitzen osasun sistema nagusiek «osasuntsu» egoteko irizpideetan.
Ondorioz, gorputz potoloak aldarrikatzen dituzte, sartzen ez diren eta kabitu nahi ez duten subjektu politiko modura: «Gizentasunak aberrazio eta akats moral eta fisiko bat izaten jarraitzen du gurean. Ez gara kabitzen osasun sistema nagusiek osasuntsu egoteko irizpidean, ez dugu lekurik gure jai alternatiboen bukaeretan ematen diren ligoteoetan. Ez gara kabitzen heteroarauan, ezta ere gure amak gurekiko dituen espektatibetan. Ez gara kabitzen treneko eserlekuetan, ezta ere gimnasioaren kultura nartzisistan eta are gutxiago subjetu politiko zilegiaren kategorian. Ez gara kabitzen familia eredu idealen etxeetako ate estuetatik. Ez gara kabitzen lanpostuen baldintza kapitalistetan edota ikusgarritasun publikoarekin zerikusia duten rol edo zereginetan. Bizi guztia arnasteko lekurik uzten ez diguten arauei lotuta eta kabitu ezinik. Euskal Herriko lodien asanblada honek argi dio: ez dugu kabitu nahi».
Hori dela eta, egungo «zapalkuntza sistemagaz» nazkatuta daudenak gonbidatu dituzte «moldeak apurtzera». Jatunaldiak irekiak dira, baina tailer batzuk lodientzako bakarrik izango dira: «Loditzat ulertzen dugu gizarte gordofoboak markatu eta baztertu dituen gorputzak. Bolumen kontu batengatik osasungintzarentzat gaixo, estetikoki itsusi eta moralki alper eta ez-zainduak direnak».
Saioak
Zapatuz eta domekaz egingo dituzte saioak. Inprobizazio, mugimendu eta dantzaren bitartez euren masak mugituz hasiko dute eguna, eta Amorrua izerdituz tailerragaz jarraituko dute. Saio horren helburua da gorputzak askatzea, mugitzea, disfrutatzea eta izeditzea. Ondorioz, karate eta kick boxingean oinarritutako hainbat teknika egingo dituzte, “barruan duten amorrua askatzeko eta lodiak kirolean ere kabitzen direla ikusteko”. Gero, gozamena abiapuntu hartuta, gorputz sensitibora gerturatuko dira, mapa sentsoriala lantzeko tailerragaz.
Amatasuna eta loditasuna landuko ditu Mijo Lizarzaburu ondarrutarrak, gero, eta, horren osteko Barrenetik azalera hitzaldian, gorputza eta artea tresna politiko gisa aztertzeko tartea hartuko dute. Zapatu goizeko tailerrekin amaitzeko, gorputz onarpenari buruz ariko dira, eta, argazkilaritzaren bidez, gorputzarekin lotura berriak sortzen saiatuko dira.
Arratsaldean, mahai inguru lodia egingo dute, eta, jende lodifoboaz aritzeaz gain, aktibismo eta militantzia lodiak izango dituzte ardatz.
Domekan, berriz, komunikatzeko, besarkatzeko eta gorputz lodiak eusteko bideak jorratuko dituzte soka batekin jolasean, lehenengo. Gero, ikus-entzunezko produktuetan pertsona lodiak zelan irudikatzen diren hausnartzeko hitzaldia izango dute Patri Muñozegaz.
Osasungintza lodifoboa: gaixotasunaren estigma arrakalatuz saioa eskainiko du Lizarzaburuk, eta, ondoren, norberaren momentuko sexualitatearekin konektaten saiatuko dira bertaratzen direnak; “esperimentazioari lekua emango diote, kolektiboa izango den zerbait sortzeko”.
Egitaraua, egunez egun
Bihar, irailak 9
18:00. Ongi etorria.
19:00. Jatunaldien aurkezpena.
21:00. Bertso afaria: Haizea Arana, Uxue Alkorta eta Onintza Enbeita. Gaiak: Lierni Altuna.
Ostean. Soy un poquito pringrada eta Virrutas.
Etzi, irailak 10
09:00. Gosaria.
10:00-12:00. Tailerrak: M.A.S.A., Amorrua izerditu(z) eta Sexualitatea eta somatika.
12:00-14:00. Tailerrak: Amatasuna eta loditasuna, Barrenetik azalera. Gorputza eta artea tresna politiko gisa eta Gorputz onarpena xamurtasunetik.
14:30. Bazkaria.
Gero. Hain guapa zaude ez dirudizula zu izeneko bakarrizketa.
16:00. Mahai ingurua: Magda Piñeyro (Stop Gordofobia), ViolenMar.Oto (Komando Gordix), Mijo, Olaia eta Nahia.
18:30. Poteo Bafle.
21:00. Afaria.
22:00. Kontzertua(k): Marta eta Herbass.
01:00. Gerribueltak astindu.
Domeka, irailak 11
09:00. Gosaria.
10:00-12:00. Tailerrak: Korda lodiak eta Lodien errepresentazioa.
12:00-14:00. Tailerrak: Korda lodiak, Osasungintza lodifoboa: gaixoaren estigma arrakalatuz eta Sexualitatetik suntsituz.
14:30. Bazkaria.
16:00. Bazkalosteko kafea Aiora Renteriarekin.
17:00. Itxiera.