24. Nekazal Azoka eta euskal oiloen erakusketa, Mendatan
24. Nekazal Azoka egingo dute domekan (irailak 11), Mendatan, eta aurreko urteetan modura, azokaren bereizgarri nagusietakoa bihurtu den euskal oiloen erakusketa ere ipiniko dute.
Hemeretzi baserritar eta bestelako ekoizle eta hamasei artisau bertaratuko dira euren produktuekin. Ortuariak, gaztak, ogiak, euskal pastela, mermeladak, pateak, gildak, Urdaibaiko hiru upategitako txakolinak… Erosteko eta ikusteko asko eskainiko du azokak, eta artisauen eskaintza ere zabala izango da: bitxiak, euskal panpinak, bordatu pertsonalizatuak, zeramika, jolas didaktikoak, mandalak, osagarriak… Baserritarrak eta ekoizleak Artape tabernaren aurrean egongo dira, eta artisauak, berriz, frontoian.
Oiloen erakusketari dagokionez, Iñigo Undabarrenarenak eta Ander Mallearenak izango dira ikusgai egongo diren euskal arrazadun oiloak; 100 bat kaiola egongo direla jakinarazi dute, eta, gura dutenek erosteko aukera ere edukiko dute.
Era berean, bestelako animaliak ere egongo dira, beste urte batez. Undabarrenak ahuntzak, ardiak eta ponyak ere ekarriko ditu, eta Maumeko Satamañe baserriko Barayazarra Elorrieta anaiek, berriz, zaldiak. Horiez gain, Gorriti ere Mendatan izango da bere animaliekin.
Azoka denetan legez, jan-edanik ez da faltako, esate baterako, taloa txorizoagaz dastatu ahalko da, eta txerria burduntzian eginda emango dute pintxoetan, euro baten truke.
Idi dema. Bestalde, Bakioko Zuriñe Uriagerekak eta Muruetako Kamiñoko jatetxekoek idi proba lehiatuko dute, 12:30etik aurrera.