Urruzuno literatura lehiaketako saridunen lana aitortu du Hezkuntza sailak
Arantzako aterpetxean 5 eguneko literatura egonaldia egin ondoren, Hezkuntza Sailaren aitortza jaso dute Donostiako Miramar jauregian; tartean egon da Garoa Oleaga Gernika BHIko ikaslea.
Barikuan, Donostiako Miramar jauregian jaso zuten aitortza 2022ko Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazle diren 19 neska mutil gazteek, tartean Garoa Oleaga Gernika BHIko ikasleak. Arantzako aterpetxean 5 eguneko literatura egonaldia egin ondoren, Hezkuntza Sailaren aitortza jaso zuten, Amaia Agirre Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berriztatzearen zuzendariaren eskutik.
Ezohiko ekitaldia izan zen barikukoa, izan ere, Idazlea izan nahi dut izenburupean, sari banaketa musikatua eskaini zuen Iholdi Beristain idazle eta aktoreak, Paxkal Irigoyen musikariaren laguntzarekin. Sarituek ere parte hartze zuzena izan zuten, literaturari buruzko euren gogoeta eta ikuspegiak bertaratutakoekin partekatzeko aukera eduki zutelako.
Abuztuaren 29tik irailaren 2ra bitartean, baina, sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueratan parte hartu dute gazteek Arantzan. Izan ere, bost eguneko egonaldian lagun izan zituzten Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Mikel Ayllon, Joseba Irazoki eta Igor Arzuaga, besteak beste. Idazle, musikari eta sortzaile horiekin gertuko eta zuzeneko harremana izan dute gazteek, “literatura edukiz gainezka osaturiko egitaraua tarteko”.
Arrietaren eskutik, esaterako, literatura tailerretan parte hartzeko aukera izan dute; Bordagaz, ibilbide literarioa osatu dute Baztango parajeetan; Irazokiren gitarrak eta ahotsak, berriz, ahaztezin bihurtu zuen idazle gazteen egonaldia; eta, Ayllonen eta Arzuagaren eskutik, Eduardo Galeanoren testuetan oinarritutako Mara feat. Milay ipuin musikatuaren emanaldiaz gozatu zuten.
Aipatutako horiez gain, Igor Elortza eta Unai Iturriagak girotutako bertso bazkaria eta gaubela literarioak ere izan zituzten aterpetxean. “Sormena lantzeko eta literatura zaletasuna pizteko aukera polita gazteontzat, ikasketetara itzuli aurreko azken opor egunetan”, adierazi dute antolatzaileek.
Literaturaz aparteko bestelako jarduerak egiteko aukera ere eduki dute, Bortzirietako inguruak gertutik ezagutzeko aukera, alegia. Hala, espeleologia eginez, Arruzpiko kobazuloa bisitatu zuten idazle gazteek.
137 sormen lan.
2022ko Urruzuno Literatura Lehiaketan 137 lan aurkeztu dituzte guztira, 31 lan poesian eta 106 prosan. Ohi den eran, euskal literaturan eta kultur munduan aditu eta aritu diren izenek osatu dute lehiaketako epaimahaia: Gari Berasaluze, Peru Iparragirre, Mikel Ayllon, Iratxe Retolaza eta Patxi Zubizarreta idazleak izan dira epaimahaikide.
Saritu dituzten lan guztiekin liburua argitaratu du Hezkuntza Sailak, Sagastiberri bilduman. Liburu horiek laster banatuko dituzte eskola guztietara, eta parte hartzaile guztiei bidaliko zaizkie.