Paul Ormaetxea eta Raffaella Ciavola, Mendatan nagusi
Ia 500 pertsona bildu ditu Mendata Ezagutuz mendi martxak eta maratoiak. 21 kilometroko martxak eduki du harrerarik jendetsuena. Mendi maratoian Paul Ormaetxea eta Raffaella Ciavola gailendu dira.
Mendata martxalariz, mendi korrikalariz eta, oro har, mendizalez josi zen domekan. Mendata Ezagutuz martxa eta lasterketa antolatu zuten eta, giro ederrean, harrera oso ona izan zuen. Antolakuntza lantaldea “oso asebeteta eta eskertuta” agertu da proba guztiek izandako parte hartzeagaz eta, horrenbestez, Mendata Ezagutuz-en balorazioa “zeharo positiboa” izan dela adierazi dute. Mendizale profil guztiei egokitutako egitaraua atondu dute aurten: hiru distantziatako mendi martxak egon dira (9, 21 eta 37 kilometrokoak) eta mendi maratoia (42 kilometro pasatxokoa) egin dituzte, eta guztietan parte hartzera animatu da jendea.
Domeka orduko, 500 laguneko parte hartzaile muga ezarri zuten antolatzaileek, eta aurreikuspenak bete egin dira: 400 lagunetik gora bildu ziren Mendatan. Tartean, lagun taldeak, bikoteak, familiak eta norbanakoak bertaratu ziren. Gehiengoa, argitu dutenaren arabera, martxa ertainera animatu zen. Mendi maratoiak ere parte hartze “oso polita” izan zuen: 29 mendi korrikalari egon ziren irteera lerroan, tartean Busturialdeko lasterkaririk puntakoenak. Arrolape Mendi Klubeko Paul Ormaetxea muruetarrak eta Raffaella Ciavolak lortu zuten garaipena maratoian.
Ciavolak 05.23.12ko denboragaz osatu zuen maratoiko ibilbidea; Ormaetxeak, ordea, 03.49.59an gelditu zuen erlojua
Ciavolak 05.05.03ko denbora behar izan zuen ibilbidea osatzeko; Ormaetxeak, ostera, 03.49.59koa. Ciavolaren ondoren, Irene Guembe helmugaratu zen, 05.23.12ko denboragaz. Gizonezkoen artean, aldiz, Ekaitz Lejarzegi ajangiztarrak eta Unai Martin gernika-lumotarrak osatu zuten podiuma. Lejarzegi Ormaetxeagaz batera iritsi zen; Martinek, berriz, zortzi minutuko atzerapenagaz amaitu zuen mendi maratoia, hau da, 03.57.44ko denboragaz. era berean, Paul Goitisolo (laugarren), Aitzol Cortijo (seigarren), Ander Aranzabal (hamabigarren) edota Josu Orbabaños (hamahirugarren) gernika-lumotarrak ere maila handian agertu ziren.
Giro kirolzalea. Antolakuntzatik azaldu bezala, bai mendatarrak, bai bisitariak herrigunera hurreratu ziren, mendi martxetako eta maratoiko helmugaratzea ikustera. “Poteo giroa eta aldarte bikaina nagusitu ziren, eta, behin probak amaituta, parte hartzaile nahiz bisitari ugari helmuga gunean eta herrian geratu ziren, eta giro kirolzalea, mendizalea eta, oro har, oso osasuntsua nabaritu zen”. Bestalde, antolatzaileek herritarren “inplikazio ikusgarria” azpimarratu dute: “Mendatako biztanle kopurua ez da handia, eta, halere, adin tarte guztietako pertsonak boluntario ibiltzen dira beharrean. Jende ugari ibili da bidezidorrak garbitzen, irteera zein helmuga gunean laguntzen, anoa postuak jagoten eta bestelako lanak egiten, eta hori benetan eskertzekoa eta pozgarria da”.
Mendatako bizilagun asko eta asko laguntzen ibili ziren, eta herritarren inplikazioa egundokoa izan zen
Aurtengoa digeritzen hasi berri daude, baina iparrorratza, dagoeneko, datorren urteko edizioan dute ipinita: “Parte hartzaile askok gomendioak eman dizkigute, eta horiek aztertzeari ekingo diogu orain; hurrengo urtekoa ere bikaina izatea gura dugu, eta horrexetarako egingo dugu behar”.
Gizonezkoen maratoiko garaile Ormaetxeak ere antolakuntzaren irakurketa egin du: “Ibilbide gogorra, gorabeheratsua baina oso ederra topatu dugu, lan handia egin dute antolatzaile eta laguntzaile guztiek”. Muruetarrak behetik gorako lasterketa egin zuela adierazi du. “Lasterkariak oso gogor hasi ziren, eta nik neure erritmoa bilatzea hobestu nuen; apurka-apurka, lasterketa burura ailegatu nintzen, eta Lejarzegigaz batera helmugaratzea lortu nuen. Distantzia aldetik proba luzea izan arren, sentsazio onak eduki nituen”. Ibilbideaz harago, beroa eta umeltasuna arerio izan zituzten lasterkariek: “Tontorretan, beroak ez zigun hainbesteko trabarik egin, baina ibarretan beroak estu hartu gintuen, eta horrek biderkatu egin zuen ibilbidearen exijentzia”.
Ibilbide gorabeheratsuaz eta distantzia luzeaz gain, beroak eta umeltasunak gogor jipoitu zituzten mendizaleak
Ormaetxea sasoiko dago, indartsu, baina ez da Gautegiz Arteagan egingo den domekako Urdaibai Kopako lasterketan izango: “Gorbeia Suzien probarako prestakuntza modura hartu dut Mendatakoa, eta orain atseden hartzea erabaki dut; ondo dakit proba horretan goreneko maila egongo dela, baina Mendatako garaipena Gorbeia Suzien-eneko irteera lerrora maila onean ailegatzeko abiapuntu bikaina dela uste dut”.