Bermeo-Urdaibairen kolpe sendoa mahai gainean
Bermeo-Urdaibaik atzean utzi ditu Kontxako sailkapen estropadako sentsazio txarrak, eta lehen jardunaldian nagusi agertu da. Hondarribia eta Donostiarra izan ditu atzetik. Emakumezkoen estropadan, Orio gailendu da, Arraun Lagunak-en kontra lehia estua izan ostean; Hondarribia izan da hirugarrena.
Bermeo-Urdaibaik mahai gainean kolpe handia jo zuen atzo lehiaturiko Kontxako Banderako lehendabiziko jardunaldian, eta arraun munduko banderarik distiratsuena esku-eskura dauka. Bou Bizkaia-k itzuliko luzea erritmo izugarrian egin zuen, eta Iker Zabalaren arraunlariek 19.21eko denboragaz osatu zuten estropada. Sailkapen estropadan bizi izan zituzten sentsazio txarrak, horrenbestez, urrun geratu dira. Bigarren postuan, hain zuzen ere, sailkapenekoan egundoko maila erakutsitako eskifaia helmugaratu zen: Hondarribia. Ioseba Amunarrizen mutilek sei ehunenetan hobetu zuten Donostiarraren denbora. Aipagarria izan zen, era berean, Getariak ipinitako marka: Esperantza-ko arraunlariei ezusteko etiketa kendu behar zaie, azken estropadetan erabateko erregulartasuna eta maila bikaina erakutsi baitute.
Eztabaida lehen tandako irteeran. Epaileek bandera gorria arinegi astindu zuten, traineru guztiak artean lerrokatu barik zeudela, eta inork ez zuen azalpenik eman. Beraz, lehen tandako lehen irteera baliogabetu egin zuten. Bigarren saiakera, aldiz, berdintasunaren aurrekaria izan zen: lehen minutura denbora berberagaz iritsi ziren lau traineru; lehiatik atzeratzen lehena Kaiku izan zen. 2.000 metro faltan, Ama Guadalupekoa-k aurrea hartu, eta getaria nahiz Orio jokoz kanpo utzi zituen; Hondarribiak 10.02ko denbora behar izan zuen ziabogara iristeko. Getaria bostera pasatu zen; Orio, aldiz, seira; Kaiku, atzerago, hemezortzira. Helmugan, Hondarribiak hogei minututik jaitsi zuen kronoa: 19.29,31. Urdaibai nahiz Donostiarrarentzako erreferentziak markatuta zeuden, hortaz.
Bigarren tanda ezusteko handirik barik ipini zuten abian. Estreinako arraunkadetatik aurrea hartu zuen Bermeo-Urdaibaik. Dena dela, Donostiarrak, erakustadi ederra eginez, aurrea hartu zion, eta ziabogara buruan ailegatu zen. Torrekua II-ak 9.51ko denbora ezarri zuen ziabogan, Hondarribiak baino 11 segundo hobeto; Bou Bizkaia-k ere Ama Guadalupekoa-ren denbora hobetu zuen, eta burutik lau segundotara biratu zuen. Bigarren tandan, haize ufaden indarra apaldu egin zen, eta bai Gorka Aranberriren mutilei, bai etxeko traineruari brankatik alde jo zien. Ondarroak, aldiz, txanponaren ifrentzua ezagutu zuen, eta ziabogan minutu erdia zeukan galduta.
Poparean Bermeoko eskifaiaren mailak gora eta gora egin zuen: Hondarribiaren denbora zazpi segundotan hobetu zuten; denbora berbera atera zioten sailkapen orokorrean hirugarren amaitu zuenari, Donostiarrari; Zierbena hogeita hamazazpi segundoko galeragaz helmugaratu zen, eta Ondarroa minututik gorakoagaz. Domekara begira, Urdaibai-Bermeo izan zen, argi eta garbi, indartuen atera zen taldea. Aurkari esanguratsuenak Hondarribia eta Donostiarra izango dira. Dena dela, Kontxan gaitza da zer gertatuko den aurreratzea eta, datorren domekan, gizonezkoen estropadaren 127. aldian, lehia bizia espero da.
Bermeo-Urdaibai taldeko entrenatzaile Iker Zabalak adierazi du estropadaren ziabogan “krisialdi momentua” pasatu zutela, baina “azkar eta erreferentzia onekin” aritu zirela: “Azken minutu eta erdian aldea apur bat murriztu diguten arren, estropada oso sendoa egin dugu eta ilusiozko astea da hau”.
127. Gizonen Kontxako Bandera
1. Bermeo-Urdaibai 19.21,56
2. Hondarribia 19.29,20 (+7,64)
3. Donostiarra 19.29,26 (+ 7,70)
4. Getaria 19.44,98 (+23,42)
5. Orio 19.50,58 (+29,02)
6. Zierbena 19.58,40 (+36,84)
7. Kaiku 20.18,30 (+56,74)
8. Ondarroa 20.25,14 (+1.03,58)
Orio, nagusi. Ez zen ezustekorako tarterik egon emakumezkoen lehen jardunaldian. Orioren eta Donostia Arraun Lagunak-en arteko borroka estua egongo zela aurreikusten zen, eta aurreikuspenak bete egin ziren. Aurreneko txandan Tolosaldea arin nabarmendu zen, baina ETE Liga irabazi berritan koska bat gora egin duen Hondarribia inguruan izan zuen uneoro, Cabo eta Hibaika hirugarren posturako borrokatu ziren bitartean. Zer esanik ez Orio eta Arraun Lagunak-en arteko buruz burukoaz, nahiz eta kasu horretan ez zen hirugarren posturako lehiarik egon: Donostiarrak Chapela atzean utzi zuen.
Oriok 2.16 segundoko aldea lortu zuen Arraun Lagunak-ekiko; hirugarren izan zen Hondarribiaren eta bosgarren amaitu zuen Tolosaldearen artean, berriz, 2.44, zazpigarren egin zuen Cabo guztiz ahaztu barik. Dena dela, Orioren eta Arraun Lagunak-en arteko azken txanpak beste behin foku guztiak erakarri zituen: biek ala biek sekulakoak eta bi egin zituzten batak besteari branka sartzen.
Mirotzek abiadura handiagoa eman zioten San Nikolas traineruari eta Santa Klara Uhartetik aurrera Lugañene-koak atzean urtzi zituzten, ordura arteko norgehiagoka gogorraren ostean. Estropadaren lehen hiru postuak Oriok, Arraun Lagunak-ek eta Hondarribiak bete zituzten. Etxeko eskifaiak, Donostiarrak, laugarren bukatu zuen, hamahiru segundora, eta hiru talde horiekin lehiatuko da domekako ohorezko txandan, bigarren jardunaldian.
15. Emakumeen Kontxako Bandera
1. Orio 10.37,52
2. Arraun Lagunak 10.39,68 (+2,16)
3. Hondarribia 10.50,47 (+12,95)
4. Donostiarra 10.50,82 (+13,30)
5. Tolosaldea 10.52,83 (+15,31)
6. Hibaika 10.57,91 (+20,39)
7. Cabo 10.59,65 (+22,13)
8. Chapela 11.15,18 (+37,66)