Pentsiodunen aldarriak bueltatu dira plazetara
Pentsioak eta soldatak urteko KPI metatuarekin handitzea, gutxieneko pentsioak eta soldatak bermatzea, soldatetan eta pentsioetan genero arrakala desagerraraztea, pentsioen eta soldaten murrizketen erreformak indargabetzea eta pentsioak eta zerbitzu publiko duinak bermatzea dira euren berehalako eskakizunak.
“Mobilizazioa gure aldarrikapenak lortzeko bermea izan da, eta izaten jarraitzen du”, adierazi dute gaur Busturialdeko pentsiodunek Gernika-Lumon. Pentsiodunek gaur ekin diete berriro mobilizazioei. Pentsio publiko eta duinaren aldarriek ez dute etenik, eta udako oporrak bukatuta, azken lau urtetan bezala, asteleheneroko elkarretaratzeak egingo dituzte berriro. 50 lagun inguru elkartu dira gaur Foruen plazan, eta asteleheneroko elkarretaratzeetara bueltatuko direla iragarri dute; bermeotarrak jaien osteko lehenengo astelehenean batuko dira. Udalerriko zein inguruetako bizilagunei hurrengo astelehenetan plazara bertaratzeko deia egin diete.
Pentsioak eta soldatak urteko KPI metatuarekin handitzea, gutxieneko pentsioak eta soldatak bermatzea, soldatetan eta pentsioetan genero arrakala desagerraraztea, pentsioen eta soldaten murrizketen erreformak indargabetzea eta pentsioak eta zerbitzu publiko duinak bermatzea dira euren berehalako eskakizunak, eta, horregatik, kalean jarraituko dute, “behar beste denbora”.
“Ikasturte berri bat hasiko da, era guztietako mehatxu eta zorigaitzekin. Energiaren oligopolioak eta banku handiak etekinen errekorrak hausten ari dira, eta, eurek prezioak igoz aberasten diren bitartean, langileak eta pentsiodunak gure erosteko ahalmena galduz eta gure bizi eta lan baldintzak okertuz ordaintzen ditugu euren onurak”, argi esan dute pentsiodunek. Adierazi dute “edozein aitzakiak” balio duela aberastasunaren banaketa ezberdina “handitzen” jarraitzeko.
Pentsioen defizitari dagokionez, eskasia hori pentsioen sistema publikoak ordaindutako “gastu desegokien” ondorioa dela azaldu dute: “Pentsioak oso altuak direla esaten da, baina horien % 52 ez dira 1.000 eurora iristen, eta emakume pentsiodunek batez beste gizonek duten pentsioa baino % 30 gutxiago jasotzen dute”. Gainera, esan dute pentsioak ez direla altuak eta soldatak ez direla nahikoak. “Ez dira nahikoak bizitza duin eta autonomoko proiektu bat garatzeko. Beste behin ere, engainatu nahi gaituzte, eta ez dugu onartuko”.
Urriaren 15ean, Madrilera.
Pentsiodunek adierazi dute urriaren 15ean Kongresuaren aurrean mobilizatuko direla Madrilen, udan Espainiar Estatuko herri eta erkidegoetan jasotako milaka sinadurak aurkezteko. Halaber, jakinarazi dute, azaroan, erakunde sozial eta sindikalekin lan egingo dutela erantzun masibo eta irmo bat emateko.
Gaurko elkarretaratzean gogoratu dute uda honetan hainbat mobilizazio egin dituztela, eta milaka pentsonengandik jasotako babesa eskertu dute. Esaterako, ekainean, Euskal Herri osoan zehar egindako Bizikleta Martxan 70.000 pertsonak baino gehiagok sinatu zuten gutxieneko pentsioen aldeko gutuna, eta abuztuaren 22an Bilbon egindako manifestazioa ere “indartsua” izan zela azaldu dute, izan ere, 4.000 pertsona batu ziren bertan.