Maite Zubieta zoriondu du Busturiko Udalak, bere lorpenengatik
Espainiako selekzioagaz irabazita, 20 urtez azpiko munduko txapelduna da futbolari busturiarra. Uztailean, Europako 19 urtez azpiko txapelketa ere irabazi zuen. Lorpen horiengatik guztiengatik zoriondu du Busturiko Udalak, baita Gernika Clubak ere.
20 urtez azpiko munduko txapelduna da Maite Zubieta. Espainiako selekzioagaz munduko txapeldun izendatu da Costa Rican, uztailaren 10etik abuztuaren 28ra lehiatutako txapelketan Japoniari finala irabazi ostean. Horrez gain, Txekiar Errepublikan ekainaren 27tik uztailaren 8ra jokatutako Europako 19 urtez azpiko txapelketa ere irabazi du Athletic Clubeko jokalariak.
Lorpen horiengatik guztiengatik zoriondu du Busturiko Udalak, baita Gernika Clubak ere, eta, atzo, gainera, ohorezko sakea egiteko aukera izan zuen San Mamesen, Athleticen eta Espanyolen aurkako norgehiagokan.
Busturiko Udalak “poztasunez” hartu du bere herritarren artean eliteko kirolari bat izatea eta bere futbolzaletasuna nazioarte mailara eramatea. “Maite Zubieta gure herritarra izatea harro egoteko modukoa da Busturiarentzat. Busturiar baten lorpenak ospatzea beti da pozteko arrazoia, kasu honetan berdintasunaren balio erantsiagaz; izan ere, futbolean bidea ireki duen emakume gaztea da”, adierazi du udalak. Zubietaren arrakastak “balio handikoak” diela dio, herriko gazteek erreferente modura izan dezaketelako: “Zubietaren arrakastak ere balio handikoak dira herriarentzat, beragaz herriko gazteek ametsak jarraitzearen eta lortzearen garrantziaren adibide bat daukatelako. Izan ere, ahalegin pertsonala hazteko eta etorkizuna lantzeko bidea dela ikusi ahal izango dute”.
Mailaz maila.
Busturiko Udalak jakinarazi duenez, Zubietaren zaletasuna herrian hasi zen, mutilekin jolasten zuenean, harik eta haur mailako adinera heldu arte. Orduan, Gernika Futbol Clubeko taldean sartu zen, eta, klub gernikarrean lehiatu zuen azken urtean, Goi Errendimenduko ligan jokatu zuen; urte horretan kategoria horretan aritu zen neska bakarra izan zen.
Kadete mailara ailegatzerakoan, neskek ezin zuten mutilekin jokatu, eta Athleticek fitxatu zuen. 15 urte besterik ez zituela, senior mailan jokatu zuen lagunarteko lehen txapelketan, Faduran, jokalari onenaren saria eman zioten. Adin horregaz, gainera, Espainiako selekzioak deitu zion, eta, harrezkero, ez du deialdi batera ere huts egin, lesio batengatik izan ezik.
Pandemia dela eta, bertan behera geratu ziren FIFA eta UEFA txapelketa ofizialak, baina lehia berriro martxan jarri zenetik, Zubietak nazioarteko txapelketak jokatu ditu Espainiako selekzioagaz. Euskadiko selekzioak ere deitu dio, eta, Zubietak Euskadiko selekzioagaz jokatu zuen azken norgehiagokan, autonomia erkidegoen finalera ailegatu zen taldea, pandemiaren ondorioz finala jokatu ez zen arren.
Gaur egun, talde dinamikan dabil Athleticen lehen taldeagaz, eta bigarren eta lehen taldeen artean txandakatzen da. Zehaztu dutenez, datorren urtean, 19 urtez azpiko Europako Txapelketa jokatzeko aukera izango du berriro, eta bi urte barru, 20 urtez azpiko munduko txapelketan egon ahalko da berriro. Taldeak “izaerako handiko futbolari” modura deskribatzen du Zubieta, “emakumezkoen harrobiko ezinbesteko jokalari” gisa.