100 urte bete ditu Luis Iriondok
1937ko apirilaren bonbardaketatik bizirik atera zen lekukoetako bat da Iriondo, eta 100 urte bete ditu. Omenaldia egin diote udaletxean, eta oroitzapen plaka bat eman diote.
1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren lekukoa izan zen Luis Iriondok 100 urte bete zituen zapatuan. Bonbardaketatik bizirik atera ziren horietako bat izan zen, eta, ondorioz, bere ahots nekaezinez eta xehetasun handiz kontatu du urtez urte egun hartan gertatutakoa. Osasuntsu bete zituen 100 urte asteburuan, eta Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak omenaldia egin zion udaletxean, oroitzapen plaka bat emanez.
Batxilergoko hirugarren mailako ikasketak egiten ari zen Iriondo 36ko gerra hasi zenean. Aita sozialista baten eta ama monarkiko baten lau seme-alabetatik bigarrena zen. Rafael zen semerik zaharrena, futbolari bikaina, Rafa Iriondo bezala Athletic Cluben eta futbolaren historiara pasatu dena; Venancio, Zarra, Panizo eta Gainzagaz “Aurrelari loriatsuak” izeneko taldea osatu zuen.
36ko gerraren ondorioz, hainbat eta hainbat haur eskolara joateko aukerarik barik geratu ziren, eta Gernika ez zen salbuespena izan. Izan ere, Gernikako Institutua zarratu eta kuartel bihurtu zuten, eta haurrak desorientatuta geratu ziren, inolako okupaziorik barik. Egoera horren aurrean, amak okupazio bat bilatu zion Iriondori: Bilboko Bankuan mandatuak egiten hastea.
Iriondo, baina, artista bikaina da, sentsibilitate handikoa, eta arlo hori garatu du hainbat esparrutan. Duela 55 urte baino gehiagotik zuzendu du kultur etxeko pintura eta marrazki eskola, eta, horrez gain, oso gizon aktiboa izan da; izan ere, ipuinak eta antzerkiak ez ezik, Amatxu zarzuela eta Francisco Escudero maisuaren Gernika euskal operaren gidoiak ere idatzi ditu. Era beran, El chico de Guernica liburua ere landu zuen, bere bizipenetan oinarritutakoa.
“Iriondo bihotz handiko pertsona da, kultua eta buru azkartasun harrigarria duena”, azaldu zuen Iriondoren omenaldian Gorroñok.