Jaietako herri bazkari jendetsua Gautegiz Arteagan
Tortilla txapelketa eta herri bazkaria izan dituzte, gaur, Gautegiz Arteagan. 46 tortilla aurkeztu dituzte eta 500 herritar inguru hurreratu dira.
Gautegiz Arteaga ospakizun soinekoz jantzi zen atzo, eta arteagarrek jaiari eusten diote gaur ere. Izan ere, sanantolinetan bete-betean sartuta daude herritarrak, eta egunotan herriko jaietako egitarau oparoaz gozatzen ari dira. Gaur herri bazkariaren eta tortilla txapelketaren txanda izan dira. 12:00etan bildu dira arteagarrak, 500 bat herritar, jaietako bigarren egunari ekiteko eta lehiaketan parte hartu duten taldeak aurkezteko. Aurten 46 tortilla aurkeztu dituzte: 40 nagusiek eta 6 umeek. Behin izena emanda, talde guztiek kozinatzeari heldu diote; bien bitartean, puzgarriek, jolasek eta musikak giro alaitu dute.
14:00etan irabazleak omentzeko txanda izan da; ezkaratzerako tresnak eduki dituzte sari modura, besteak beste. Jarraian, herri bazkarian bildu dira guztiak. Arratsaldean erromeria izan dute, eta iluntzean jai giroa ez da etengo, gau tematikoa edukiko baitute. Gau tematiko horren barruan, gaztetxoenek desfilea egingo dute, eta gaia Far West izango da. San Antolin jaiak izen bereko santuaren baselizatik herrirako jaitsieragaz ipini zituzten abian atzo. Bihar, ostera, Ut! taldearen musika emankizuna, Bizkaiko lokotx batze txapelketa edota Aukeran taldearen dantza emanaldia izango dira Gautegiz Arteagan, besteak beste.