De la Hera eta Mustafic, Bermeoko uretara ohituta
Andrea de la Herak eta Adnan Mustaficek euren nagusitasuna berretsi dute Bermeon, Salome Campos igeriketa zeharkaldian. 1.500 metroko proban Amaia Zendoia eta Ion Mugika izan dira azkarrenak. 500ekoan, berriz, Lucia Gregoria Martinez. Mikel Bilbao lasterketako kolaboratzailea omendu dute, eta goiz osoan zehar giro bikaina egon da.
Bermeotarrek nahiz bisitariek igeriketaz, itsasoaz eta herriko jai usaindun giro ederraz gozatzeko aukera paregabea izan dute gaur portuan. Izan ere, Salome Campos igeriketa zeharkaldia egin dute. Koronabirusaren pandemia egoerak sortutako urte biko geldialdiaren ondoren, igerilariek begi onez hartu dute berriro itsas zeharkaldia, eta irteera nahiz helmuga eremua jendez lepo egon da goizeko lehendabiziko ordutik. Euskal Herriko txoko guztietatik eta Espainiar Estatuko hainbat tokitatik hurreratu dira Salome Campos itsasaldira, eta parte hartzea “goi mailakoa” dela adierazi dute antolatza lantaldekoek.
Emakumezkoen parte hartzea sustatzea izan da antolatzaileek aurtengo ediziorako bilatu dute helburu nagusietako bat, eta lortu dute. Izan ere, distantzia ezberdinetako probetan hainbat eta hainbat emakumeren presentzia egon da, eta maila handia erakutsi dute. Hiru kategoria eta bost proba egon dira: 500, 1.500 eta 5.000 metrokoak; azken horretan, Izarora joan-etorriko zeharkaldi nagusian, hiru tandatan banatuta uretaratu dira parte hartzaileak.
Lasterketak hasi orduko, baina, omenaldirako tartea ere egon da. Salome Campos itsas zeharkaldian urtez urte laguntzaile ibilitako Mikel Bilbao zena omendu dute, eta bertan izan dira bere senideak, hunkidura momentu batean. Txistu eta danbolin hotsagaz eta txalo zaparrada bat orduko, familiakideek larrosa zuriak bota dituzte itsasora.
5.000 metroko proban Salome Campos zeharkaldia sobera ondo ezagutzen duten bi igerilari gailendu dira, gainera, nagusitasun osoz: batetik, Andrea de la Hera barakaldoztarra; bestetik, Adnan Mustafic getxoztarra. Biak ala biak azken edizioko garaipenak defendatzera etorri dira Bermeora, eta ez dute kale egin. Mustaficek 01.06,46ko denbora behar izan du Bermeoko portua eta Izaro irla bereizten dituen itsaso zatian joan-etorria egiteko.
Proba absolutuko bigarren postuan De la Hera sailkatu da, lau minutu gehiagoko denbora markagaz. Podiuma Ioseba Mateos gipuzkoarrak osatu du, bigarrenaren denbora berean. Busturialdeko lehenengo sailkatua bermeotarrak izan dira: Aaron Llorens eta Elena Erekatxo. Llorensek 1.17,28ko denbora behar izan du, 17. postuan amaituz. Erekatxok, bere aldetik, 01.29,07ko denboragaz osatu ditu bost kilometroak; emakumezkoen sailkapeneko 14. postuan heldu da. Guztira, 560 igerilarik lortu dute zeharkadia osatzea.
1.500ekoan ere lehia bizia. Helmugaratzen lehendabiziko emakumezkoa Amaia Zendoia donostiarra izan da: hogei minutu behar izan ditu proba bukatzeko. gizonezkoen artean, 5.000 metroko proban hirutan gailendutako Ion Mugikak irabazi du bere lehen 1.500ekoa, 18.28ko denboragaz. Bigarren postuan, Sergio Nieto sailkatu da, Mugikarengandik zazpi segundotara; hirugarrena, aldiz, Fernando Tellez izan da, Nietorengandik bostera.
Emakumezkoen podiuma Elene Sudupe azkoitiarrak eta Maialen Aiestaran donostiarrak osatu dute. 500 metroko proban, ostera, umeak izan dira protagonista: neska zein mutil, portu eremuan aritu dira igerian. Lucia Gregoria Martinez errioxarra izan da azkarrena, 06.16ko denboragaz; jarraian sailkatu dira Laura Asensio eta Martina Espinosa helmugaratu dira, hurrenez hurren, hogei eta hogeita hamahiru segundotara.
Sari emate ekitaldian Bermeoko alkate Aritz Abaroa, Bermeo Tuna World Capitaleko ordezkari Leire Egiarte eta Salome Campos igeriketa zeharkaldiko antolatzaile Aintzi Laburu egon dira. Sariak banatu dizkiete proba bakoitzeko adin taldeetako garaileei, eta azken horiek, hain zuzen ere, oso bereziak izan dira. Txapelaz, garaikurrez eta ikusleen txaloez gain, irabazleek hegaluze loteak ere jaso dituzte. Podiumean, garaileak pisatu dituzte, eta bakoitzaren pisua besteko hegaluze lotea eman diete. Ondoren, parte hartzaile guztiak giro ederrean elkartu dira eta jan-edanaz, musikaz eta goizeko balentrien kontaketez gozatu dute herritarrez eta bisitariz jositako helmuga gunean.