Txarrak on bihurtzeko gogoz dator Txosnaola Fabrika
Karpa, barra eta eszenatoki handiagoak izango ditu aurtengo txosnak, baita ere birziklatzeko gune berri bat. Adin guztientzako 22 ekimen antolatu dituzte
Joan diren hiru urteak «nolabait atzen utzi» eta «aro berri baten aurrean gaudela» irudikatzeko asmoz, Bermeoko Txosna Batzordeak fabrika batean bihurtuko du txosna aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Txosnaola Fabrika txarkeria guztiak gauza onetan birziklatzen duen fabrika izango dela zehaztu dute.
Txosna Batzordeko kideek gogora ekarri gura izan dute azken urteetan andramariak ospatu ez diren arren, Uda Txosneroak antolatu izan dituztela, « kaleko jarduerak lehenetsita eta herriarentzako musika eta kultur eskaintzak antolatuta». Aurtengo jaietarako «buru-belarri» lanean ibili dira herriko zazpi elkarte (Amnistiaren aldeko taldea, Buselektrikue antzerki taldea, Ernai gazte erakundea, Norez talde feminista, Nda Wi Bermioko senegaldarren elkartea, Som Hi Bermeoko katalanen elkartea eta Aker Beltz herriko taberna berrirako ekimena) eta hainbat boluntario. Herritarrentzako «ahalik eta egitarau zabalena» prestatzen saiatu direla diote. Hala, adin guztiei zuzendutako 22 ekimen dakarte, hamar egunerako. Jabier txosnetako gizontsua eta bere loba Pipili Txosnaola Fabrikatik bueltaka ibiliko dira, txosnagunea adin guztietara bideratutako gunea dela gogorarazten.
Karpa, barra eta agertoki handiagoak izango ditu aurtengotxosnaguneak, eta birziklatze gune berri bat ere kokatuko dute bertan.
Askotarikoak
Almikako jaitsieragaz emango diote hasiera egitarauari, eta aurten, jaitsiera eta gero, txupina jaurtiko dute txosnagunean bertan, Txosnaolari hasiera emateko. Azaldu dute antolatu dituzten jarduera batzuetan parte hartzeko aurretiaz izena eman beharko dela. Esaterako, Andra Mari Egunerako antolatu duten Xake txapelketarako, gazteen zein nagusien mailarako, Turismo Bulegoan eman behar da izena, eta irailaren 6a (martitzena) izango da horretarako azkenengo eguna.
Herri bazkaria ere egingo dute, irailaren 17an (zapatua). Nahiz eta jai ofizialetatik kanpo egon, jai egun modura hartuko dutela diote. Hala, herri bazkarian parte hartu gura dutenek domekan (irailak 4) 18:00etan hartu beharko dituzte bazkarirako txartelak, 15 eurotan, Kabidxen. Pertsona bakoitzak, gehienez, lau txartel hartu ahal izango ditu.
Txosnaolatik kanpo ere kontzertuak egongo direla zehaztu dute, Lameran, Goiko Plazan eta Bermeoko Kafe Antzokira ere iritsiko direla gaineratuta: «Estilo desberdinetako taldeak egongo dira».
Txosna Batzordeak antolatu duen egitarauaren baitako jardueretako batzuk, gainera, kuadrillen arteko lehiarako puntuagarriak izango dira, eta sari «potoloak» egongo dira.
Herritarren irudimena proban jartzeko asmoa ere badaukate, hori dela eta, mozorro politena bilatzen aterako dira Santa Eufemia egunean (irailak 16).
Argitu gura izan dute txosna gunetik ateratako diruaren zati bat datorren urteko jaietarako gordeko dutela, «eskaintza hobea» antolatu asmoz. Beste zati bat sagardotegira joateko autobusa, Korrikarako kilometroa edota Aratusteetako jarduerak ordaintzeko erabiliko dute. Azkenik, irabazien beste zati bat, Txosna Batzordean parte hartzen duten eragileen ohiko jarduerak finantzatzeko erabiltzen dutela zehaztu dute.
Txosnaola martxa onean joateko, jendea behar dute, ordutegi guztiak betetzeko. Parte hartu gura dutenek 688 66 74 29 (Imanol) edo 688 68 34 36 (Kristina) telefono zenbakietara deitu dezakete. Gainera, muntaia (irailak 5, astelehena) eta desmuntaia (irailak 18, domeka) egiteko laguntza guztia «ongietorria» izango dela aipatu dute.
Protokoloa
Bermeoko Mugimendu Feministagaz bat eginda, erasoen aurkako protokolo bat ere badaukate. «Ez dugu erasorik gura, askatasunean bizi gura ditugu jaiak. Hala, gure askatasuna errespetatzeko asmorik ez daukatenei gugaz parranda egitera ez etortzeko eskatzen diegu. Gugaz jai daukate», esan dute.
Beste herrietako eraso eta arazoen aurrean Mugimendu Feministak egon diren moduan, Bermeon ere «aurrean egongo» dira. «Adi egongo gara gure artean babesteko».
Edozein pertsona erasotua sentitzen baldin bada, txosnara joateko deia egin dute, bertan egongo baita protokoloa ezagutzen duen norbait: «Behar den guztian, babesa eskainiko zaio, emozionalki zein politikoki».