EH Bilduk uraren kudeaketa publikorako eredu bat eskatu du
EH Bilduren aldarrikapenekin bat egin dute Busturialdeko herritar askok; 'Bertoko ure, hurreko ure. Negoziorik ez!' lelopean elkarretaratzea egin zuten atzo, Lameran.
Ura edukitzea eskubidea dela aldarrikatu du EH Bilduk Bermeon: “Uragaz ezin daiteke negoziorik egin, ezin da saldu”. Hala, EH Bilduk uraren kudeaketa publikorako eredu bat eskatzen du, “gure arroak zainduz, irabazi asmorik bakoa eta ikuspegi sozioekologikotik herritarrek interes orokorreko zerbitzu gisa dauzkaten eskubideak errespetatuko duena”. Aldarrikapen horrekin bat egin dute herritar asko eta askok, eta asko izan dira Busturialdeko gainontzeko herrietatik Bermeora bertaratu direnak, EH Bilduk deitutako elkarretaratzean parte hartzeko. Bertoko ure, hurreko ure. Negoziorik ez! lelopean batu ziren atzo arratsaldean, Lameran.
“Busturialdean dagoen ur eskasiari aurre egiteko”, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa (BBUP) edateko ura ekartzen dabil Dutch Spirit ontzian. Busturialdeko Ur Partzuergoko (BUP) presidente ohi Iratxe Arriolak esan du, baina, itsasontziak dakarren ura “nekez heltzen” dela eskualdeko herritarren beharrak estaltzera (%8), “baietz dioten arren”. Jakitera eman duenez, Busturialdeko Ur Partzuergoa (BUP) osatzen zuten 16 udalerrien kontsumo estimatua 12.000 m3 da.
“Herritarrek agerian utzi dute dena ez doala ondo. Santurtziko portuan ontzia ura isurtzen ikusi dugu eta Demikun hodi bat lehertu zen. Egin ditugun azterketen arabera, 1.200.000 litro ur xahutu dira inprobisazioagatik, aurreikuspen faltagatik, lardaskeriaz…”, dio EH Bilduk. Hori guztia kontuan edukita, datuak ez ezkutatzeko deia egin diote BBUPri.
EH Bilduk salatu du, BBUP azpikontratatutako enpresek eskaintzen dizkieten “iluntasunaz baliatzen” dela euren planak betetzeko: “BBUP fakturazioaren %60 multinazionalen esku dago”.
Salatu gura izan dute baita ere, udalak bando desberdinen bitartez herritarrei kontentzioa eskatzen ibili diren bitartean, administrazioa “ura barra barra erabiltzen” ibili dela.
Uste dute administrazio, enpresa eta gizarte zibilaren artean adostu beharko litzatekeela “agorraldiri” irtenbidea emateko modua.
“Inbertsio falta”. Atzera ere begiratu zuten atzo, eta Arriolak esan zuen Busturialdean “historikoa” dela ur eta saneamendu azpiegituretan dagoen “inbertsio falta”. Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) administrazio desberdinetan agertu duen utzikeria salatu dute. Gogora ekarri du saneamendu kolektorerako zatietako bat oraindik falta dela, Muxika-Gernika tartea, hain zuzen. “Eusko Jaurlaritza berandu doa, 2018ko aurrekontuan jaso beharreko konpromisoa zen”.
BUPk, EH Bilduk kudeatuta (2011-2015), Bizkaiko Foru Aldundiak “kajoi batean gordeta” daukan Hornidura Lurralde Egitasmoa egin zuela esan du Arriolak: “Horretan agertzen dira, lehentasunen arabera, eskualdean ur hornidura bermatzeko egin beharreko ekintzak, kaudal ekologikoak errespetatuta”. Aipatu egitasmoan lehen mailakotzat jotzen da Oizeko hodia berritzea eta Ibarrurin kaptazio berri bat egitea: “Segundoko 70 litro ekartzea ahalbidetuko luke, gaur egungo 20 litro segundokoren aurrean”. Sareak berritzeko beharra ere nabarmentzen da, “galerak dituztelako”; baita ere, La Vegako 4.putzuko ura edateko ez den beste erabilera batzuetara bideratzea.
Eskualdea, baina, zain dagoela diote: “Ez gara lehentasunezkoak ez aldundiarentzat ez jaurlaritzarentzat”. Salatu dute komunikabideen bidez jakin dutela 2026rako ura Zadorratik ekarriko dutela Busturialdera: “Zalantzarik barik, horrek ez ditu eskualde honetako beharrak asetuko. Gainera, ez ditu errespetatzen guztion artean adostutako planifikazioa. Berton dauzkagun baliabideak egoki kudeatu eta lurraldeari lotutako zentsuzko inbertsioak egin beharrean, bestelako inbertsioak egin gura dituzte. Gure urak abandonatzen joan eta arteria Zadorratik ekarri gura dute”.
“Desinformazioa eta gardentasun falta”. Bermeoko EH Bilduko zinegotzi Jokin Lapazak, bestalde, Bermeoko Udaletik eta BBUPtik pairatzen duten “desinformazioa eta gardentasun falta” salatu du “Hilabete gutxi batzuk nahikoak izan dira lehenengo pertsonan konprobatzeko gardentasun falta eta desinformazioa dagoela”.
Bilbozentrismo hitza ere aipatu zuen Lapazak: “Behin eta berriro adierazi dugu integrazioagaz udala eta eskualdetik oso urrun dagoen egitura batera pasatuko garela. Erabakiak ordezkaritza gutxi duten organoek hartuko dituztela. Hala gertatu da Gaztelugatxegaz ere”.
Gardentasuna “ez dela aukera bat” diote, baizik eta administrazioaren “obligazio” bat. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak dituen erronkei aurre egiteko “lankidetza zintzoa” behar dela deritzote, “interes ekosozialak lehenetsiz ekonomikoen aurrean eta ur eskari eta hornidurari buruzko datu eguneratuak publiko eginez”. Gaineratu dute, eskualdeko herritarren artean Urdaibaiko uraren zikloa hobeto ulertzeko, beharrezkoa dela komunikazioa indartzea, eta baita ere, baliabide didaktikoak sortzea.
Hori guztia kontuan hartuta, EH Bilduk ikusten du helburua ez dela uraren “arazoa benetan konpontzea”, baizik eta urarekin “negozioa egitea”. Ur defizita aspalditik datorrela gogorarazi dute, urteetan “gure herritarren osasuna eta segurtasuna” kontuan hartuta, hainbat neurri hartu direla gaineratuta.