Zinemaz frontoian gozatzeko aukera izango dute nabarniztarrek zapatuan
'Apaiz kartzela' dokumentala ikusi ahalko dute zapatuan, 19:30etik aurrera, frontoira joatea erabakitzen dutenek.
Zinemaz kalean gozatzeko aukera izango dute nabarniztarrek zapatuan, 19:30etik aurrera, frontoian. Hori horrela, Apaiz kartzela dokumentala ikusi ahalko dute bertaratzen direnek.
Iaz antolatu zuten, lehenengoz, kalean zinema ikusteko ekintza, “herria bizitzaz betetzeko eta herritarrei bestelako ekintza kulturala eskaintzeko asmoz”. Aurten, ekimenagaz jarraitu gura izan dute, iazko “harrera ona” izan zelako.
Euskal kultura eta historia lantzen dituen proiekzioa da Nabarnizen eskainiko dutena. Izan ere, frankismoaren aurka altxatutako abadeak zigortzeko sortutako munduko apaiz kartzela bakarrari buruzko dokumentala da honakoa, Vatikanoaren eta Francoren artean Zamoran sortutakoa.
Frankismoaren zapalkuntzaren aurka erreakzionatu zuten apaizen borroka ekarriko du gogora dokumentalak, protagonisten beraien kontakizunetik abiatuta. Izan ere, 1968 eta 1976 artean 50 apaiz –gehienak Euskal Herrikoak– kartzelaratu zituzten Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Eskubide zibilak defendatzeagatik kartzelaratuak izan eta tunek bat eginda ihes egiten saiatu ziren apaizen historia jasotzen du. “Diktadorearen gehiegikeriei gogortasunez aurre egin zieten abade haiek ez dute justiziarik ezta errekonozimendurik jaso kartzela zabaldu zenetik igaro diren 50 urte hauetan. Izan ere, espainiar estatuan memoria historikoa konpondu gabeko kontua da oraindik ere. Garai haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak berritzen ditu filmak, belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz kartzelaren historia”, azaldu du Ritxi Lizartza dokumentalaren egileak.