Lointekek hurrengo denboraldirako lantalde teknikoa iragarri du
Iñigo Nuñez, Gaizka Barea eta Eneritz Gonzalez fitxatu ditu. Eurekin batera, German Candinak, Gotzon Lauzirikak eta Carlos Imbernonek lantaldean jarraituko dute. Keyona Hayes fitxaketa da taldearen hurrengo denboraldirako 11. jokalaria.
Lointek Gernika Bizkaiak Anna Montañana entrenatzailearen aldamenean beharrean ibiliko den staff teknikoa zein izango den aditzera eman du. Taldetik adierazi dutenaren arabera, “barne talentua sustatzea eta talentu bizkaitarra erakartzea” dira taldearen jomugak. Helburu horieri jarraiki, Iñigo Nuñez Malostera iritsiko da. Nuñezek Santurtzi EBAko txapeldun bihurtu zuen. “Langile gaztea, proiekzio handikoa eta Emakumezkoen Endesa Ligara ohitzeko oso prestatua dagoena” dela adierazi dute Lointeketik.
Klubean aspaldiko ezaguna den Gaizka Barea da bigarren fitxaketa. Izan ere, hamarkada bat baino gehiagotik ezagutzen dute taldean, hainbat formazio taldetan lanean ibili baita. Era berean, Gernika KESBen talde ugarigaz parte hartu izan du Espainiako txapelketetan. Orain, Bareari lehen taldera saltoa egiteko sasoia heldu zaio. Eneritz Gonzalezi dagokionez, prestakuntza fisikoaren alorraz arduratuko da. Hain zuzen ere, orain arte postu horretan ibilitako Kevin Huberren ordez hasiko da Gonzalez, Bilbao Basketeko gazte zein kadete mailetako taldeetan ibili ondoren. Maite Etxeandia ere ezagun askoa da klubean: ordezkari lanak beteko ditu berriro.
Lantalde biomedikoari dagokionez, azken hamarkadan lanean ibilitako egiturari eutsiko diote Lointek Gernika Bizkaiakoek. German Candina medikua izango da; beragaz batera ariko da Gotzon Lauzirika. Carlos Imbernonek ere bigarren denboraldia egingo du taldean, fisioterapeuta modura.
Jokalariak Gernikan daude. 2022/2023 denboraldirako prestakuntza lanak gaur bertan ipini dituzte abian jokalariek. Denboraldiaurreko egutegia ere dagoeneko argitara eman du taldeak. Lointeken lur hartzen azkena Keyona Hayes izan da. Hegal pibotarena taldeak datorren denboraldira begira egindako zazpigarren fitxaketa izan da, eta Aluinvent DVTK Miskolc talde hungariarretik iritsi da Gernika-Lumora.
Keyona Hayesen fitxaketagaz, Lointek Gernika Bizkaiak hamaika jokalari ditu 2022/2023 denboraldirako: Hayes, Sofia da Silva, Julie Wojta, Andrijana Cvitkovic, Nogaye Lo, Laura Spreafico, Marta Alberdi gernika-lumotarra, Sandra Igerabide, Itziar Ariztimuño, Rosó Buch eta Gabija Meskonyte.