Bizkaiko lokotx biltze txapelketa lehiatuko dute Gautegiz Arteagan
Eskualdeko hainbat kirolari bilduko ditu txapelketak. Horrez gain, umeentzako herri kirol saioa eta harri jasotze lehiaketa ere egongo dira.
Gautegiz Arteagako herritarrek atzo ipini zituzten abian herriko jaiak: sanantolinak. Jaietako programazioaren barruan, domekan goizean herri kirolentzako tarteaz gozatzeko aukera paregabea edukiko dute bertaratzen diren guztiek. 11:00etan hasiko dira, pilotalekuan: umeei zuzenduriko herri kirol saio parte hartzailea egongo da.
13:00etan, ostera, Bizkaiko lokotx biltze txapelketa lehiatuko dute bai emakumezkoek, bai gizonezkoek. Emakumezkoen sailean, Iraide Gezuraga, Aiora Otazua, Amaia Mendinueta eta Silvia Meseguer ariko dira zein baino zein gehiago. Gizonezkoen proban, aldiz, parte-hartzaile zerrenda are luzeagoa izango da. Besteak beste, Patrik Saitua arteagarrak edota Aritz Martin eta Beñat Obieta arratzuarrek lehiatuko dute. Jarraian, gizonezkoen 1. mailako harri jasotzea egongo da; proba horretan ere hainbat jasotzailek izena eman dute.