Arte diziplina ezberdinen agertoki izango dira museoak
MusEkintza jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu du gaur Bizkaiko Foru Aldundiak. Zazpi museotan eta lau agertoki berezitan 11 ikuskizun eskainiko dituzte; tartean, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta Kortezubiko Santimamiñen. Ikuskizunetara joateko aurretiko erreserba egin behar da.
Bigarren urtez jarraian, MusEkintza Jaialdia antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Irailaren 10ean hasiko da, eta Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta Gernikako Euskal Herria Museoan geldialdia egin eta gero, ekainaren 24an amaituko da Santimamiñen; jaialdiak lehenengoz eskainiko du emanaldia Kortezubin. Izan ere, zazpi museotan eta lau agertoki berezitan 11 ikuskizun eskainiko ditu aurtengo MusEkintza jaialdiak.
Bigarren edizioan eszenatoki berriak bisitatuko dituzte artistek, eta diziplina artistiko gehiagoz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek: zinema, antzerkia, ilustrazioa, musika eta hainbat estilotako dantzez gain, poesia, eskultura, moda eta bertsolaritzari buruzko ikuskizunak eskainiko dituzte hamar hilabetetan zehar.
Lorea Bilbao kultura diputatuak adierazi du MusEkintza jaialdiak museoak, toki historikoak eta arte eszeniko ezberdinak batzen dituela: “Ondarea eta artea batzen dituen jaialdia da, eta publiko desberdina erakarri gura du hain garrantzitsuak diren museoetara”. Gaineratu du jaialdia historiaz betetako museoak biziberritzeko ekimena dela, “museoak espazio bizidun modura eta arte guztien arteko sinergiak sortzen diren toki modura indartzeko”.
Foru erakundeak antolatutako MusEkintzak irailaren 10ean eskainiko du lehen ikuskizuna Bilboko Arkeologia Museoan, eta hasiera emango dio hilabetero Bizkaiko museo batean edo toki historiko batean ikuskizun desberdin bat eskainiko duen jaialdiari.
Diziplina artistiko ugari.
Jaialdiak eskualdeko hiru museotan egingo du geldialdia, eta lehenengo geltokia izango da Bermeoko Arrantzaleen Museoa. Urtarrilaren 28an, 13:00etan eta 18:00etan, Elisabeth Perezen Memoria de un Pez Bueno album ilustratuan oinarritutako ikuskizuna eskainiko dute museoan, Bilboko Txistu Bandak arreta handiz aukeratutako doinuekin batera. Nostalgiaz, intimitateez eta alaitasunez betetako formak, musika eta hitzak izango dira nagusi; izan ere, oda miresgarri bat da obra, pertsona maite baten joanerako sortuta dagoena. Ikuskizuna euskaraz eta gazteleraz izango da, eta ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea 94 688 11 71 telefonora deituta.
Ekainaren 10ean, 12:30ean ailegatuko da jaialdia Gernika-Lumora, eta, Euskal Herria Museoan, Garazi Etxaburu dantzariak Jose Pablo Arriagak sortutako zurezko eskultura handi bati bizia emango dio. Eskultura gainkarritako eta tolestutako geruzez osatuta dago, eta haurdun dagoen emakume baten sabeleko azala sinboliza dezake. “Baina gerta daiteke geruza horiek moztu behar izatea, barruan dagoena ateratzeko unea iristen denean. Haur bat izan daiteke, larritasun bat agian, baita gure azalaren barruan dauden mamuak ere. Horiek atera behar dira bizirik mantendu ahal izateko. Ondoren, zauria goxotasunez eta zehaztasunez josi behar da, azala sendatu eta berritu ahal izateko”, adierazi dute artistek. Ezinbestekoa izango da aldez aurretik erreserba egitea 94 625 54 51 telefonora deituta.
MusEkintza jaialdia ekainaren 24an amaituko da Santimamiñen, ‘Ez da kasualitatea’ ikuskizunarekin. 2009an egin zen lehenengoz bertso saioa, berdintasun teknikari batek bertso saio feminista bat antolatzeko eskatuta. Geroztik, ehunka saio egin dira Euskal Herriko plazetan, hamarnaka emakume bertsolarik kantatu dute haietan, eta erreferentziazko emanaldi bilakatu dira bertsozale, bertsolari eta gai jartzaile feministen artean. Bertso saio musikatuak dira, gitarra, biolin zein saxo doinuen laguntzaz egiten direnak. Saioak ez dira mistoak, izan ere, lau bertsolariak eta gai jartzailea emakumezkoak izaten dira beti. Eta, beste ikuskizunetan modura, Santimamiñen ere, umorea, jolasa, gogoeta, bertsolari feministen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartuko dituzte. Saiora joateko izena eman beharko da, eta, horretarako, 94 465 16 57 telefono zenbakira deitu behar da.
Eskualdeko museo horiez gain, honako hauetan egingo dituzte saio bereziak: La Encartada fabrika museoan (Balmaseda), El Poblal burdinolan (Muskiz), Txakolin Museoan (Bakio), Arkeologia Museoan (Bilbo), Muñatones gazteluan, Mariaren Bihotza plazako aztarnategian (Bilbo) eta Europako Parkean dagoen Artelan Berreginen Museoan (Bilbo).