Sailkatze estropadan bosgarren eginda, Bermeo-Urdaibaik Kontxako Bandera lehiatzeko txartela lortu du
Hondarribiak erakustaldia eman, eta Zierbena eta Getaria Urdaibai Eusko Label Ligako liderra baino azkarragoak izan dira.
Hondarribia izan da azkarrena Kontxako Banderaren gizonezkoen sailkatze estropadan, gaur arratsaldean, eta datozen bi asteburuetako lehian sartzeko txartel preziatua lortu du Bermeo-Urdaibai Eusko Label Ligaren liderrak. Aurten bai, saria jaso du. Bi horiekin eta Donostiarrarekin batera honako arraun taldeak ariko dira bandera lortzeko lehian: Zierbena, Orio, Getaria, Kaiku eta Ondarroa.
Beraz, Eusko Label Ligaren onenen artean erabakiko da aurtengoa. Domekan 12:00etan hasiko da gizonezkoen 1. jardunaldia. Zozketak erabakita, Orio, Getaria, Hondarribia eta Kaiku ariko dira 1.txandan, eta 2.ena, berriz, Bermeo-Urdaibaik, Zierbenak, Donostiarrak eta Ondarroak osatuko dute.
Gaurko erlojupekoan ehunenen arteko aldea baino ez da egon Bermeo-Urdaibairen, Kaikuren eta Ondarroaren artean, eta Jon Unanue Urdaibaiko arraunlariak esan du ez direla eroso sentitu, eta ez dutela asmatu: “Barne-sentsazioak ez dira onak izan. Buelta ez dugu ondo aprobetxatu, eta segundoen galera etorri da. Urruti xamar, baina lanak egin ditugu eta domekan hemen izango garelako pozik gaude». 1. jardunaldian “lanerako prest” joango direla azpimarratu du: “Zorionez domekakoa zerotik hasten da, eta borrokarako prest etorriko gara, eta ea aurrean ibiltzeko gai garen”.
Beñat Apraiz Kaikuko arraunlari gernikarrak esan bezala, denboraldian “erdiko txandan mantentzea” lortu dute, eta azken helburua “Kontxan sartzea” zen. “Kanporantza sentsazio onagaz joan gara, eta batez ere, kanporantzako luzeagaz geratzen naiz. Barrurantza akats bat edo beste egin dugu, eta hobetzeko ditugu”, azaldu du. Orain helburua ligan parean ari direnen artean “lehenengo egitea” dela adierazi du.
Aurreko bi urteetan zortzigarren sailkatuta Kontxako atarian geratu zen Ondarroa, eta Iñigo Larrinaga patroiak esan du aurrekoetan baino “presio gutxiagogaz eta ilusioz” heldu direla hitzordura. “Getaria, Ondarroa eta hemen sartzera ohituta ez gaudenak barruan gaudela ikusita norberagatik zein ingurukoengatik pozten zara”.
Traineru barruan estropada “oso estu” bizi izan dutela zehaztu du: “Kaikurena eta Caborena ziren erreferentziak, antzerako denboretan geunden. Estropada oso estua eta gogorra izan da. Kanpoaldean arraun egiteko olatua igartzen zen, baina ondo zegoen, arraun eginda asko nabigatzen zuen txalupak, eta oso gustura sentitu gara”.
Gogoratu du batzuentzat finala lehenengo jardunaldia bada ere, eurentzat sailkatze estropada izaten dela: “Guretzat hau izaten da egun berezia. Behin sartuta, domekan dena emango dugu, eta ea zer gertatzen den”.
Lekittarra, lehenengoa uretaratzen
Lekittarrak eta Mutrikuk ez dute lortu lehenengo zazpiren artean sailkatzea. Jokoan zeuden zazpi txartelak lortzeko lehian 24 traineru aritu dira nor baino nor gehiago, eta zaleen berotasuna eduki dute lagun; jendetza batu da.
Denen artean Lekittarra izan da lehenengoa uretaratzen, 18:00etan. 20.20,72 denbora egin du Lekeitioko taldeak–10:40 ziabogan–. Bermeo-Urdaibairen atzetik, zortzigarrena izan da Ondarroa, eta hamazazpigarren irten da Mutriku.
Bigarren irten den Oriok markatu du erreferentzia ziabogan: 10 minutu eta 27 segundo, eta Bou Bizkaiak segundo bat gehiago egin du. Gero, 10 minutu eta 24 segundotan eman du ziaboga Zierbenak. Hala ere, 11.en irten den Hondarribiak marka lortu du, hamar minutu eta hamasei segundotan sartu baita ziabogan. Ama Guadalupekoak erakustaldia eman du; hegan egin du joan-etorrian.
Era berean, espero moduan, Getaria eta Zierbena onenen artean helmugaratu dira, eta baita ezustekoa emateko gai direla erakutsi ere, Eusko Label Ligaren liderra baino denbora hobea egin baitute.
SAILKAPENA:
- 1.- Hondarribia 19.43,72
- 2.- Zierbena: 20.00,26 (+16,54)
- 3.- Orio: 20.02,74 (+19,02)
- 4.- Getaria: 20.05,56 (+21,84)
- 5.- Bermeo-Urdaibai: 20.09,58 (+25,86)
- 6.- Kaiku: 20.09,84 (+26,12)
- 7.– Ondarroa: 20:09,96 (+26,24)
- 8.- Cabo: 20.12,06 (+28,34)
- 9.- Lekittarra: 20.20,72 (+37,00)
- 10.- Ares: 20.28,34 (+44,62)
- 11.- Bueu: 20.37,70 (+53,98)
- 12.- Samertolameu: 20.38,44 (+54,72)
- 13.- San Pedro: 20.39,08 (+55,36)
- 14.- San Juan: 20.50,20 (+1.06,48)
- 15.- Zarautz: 20,56,42 (+1.12,70)
- 16.- Pedreña: 20.57,02 (+1.13,30)
- 17.- Arkote: 21.05,60 (+1.21,88)
- 18.- Zumaia: 21.10,92 (+1.27,20)
- 19.- Lapurdi: 21.21,16 (+1.37,44)
- 20.-Castropol: 21.27,08 (+1.43,36)
- 21.- Deustu-Bilbo: 21.29,82 (+1.46,10)
- 22.- Castro: 21.45,72 (+2.02,00)
- 22.- Hibaika: 21.56,96 (+2.13,24)
- 24.- Mutriku: 22.06,66 (+2.22,94)