Itsasoa eta ondarea batzen dituen Elkano Itsas Herria proiektua Ean da
Erakusketa eta informazio gunea ipini dituzte. ’Antxoak lantzen´tailerra egongo da bihar. Eako panelak herriko historia eta itsasoa lotzen dituen informazioa dakar.
Euskaldunek itsasoagaz daukaten hartu-emanaren, itsas kulturaren eta ondarearen inguruabarrak aztertzen dituen Elkano Itsas Herria ekimena Eara iritsi da. Izan ere, Elkano kultur zeharkaldiak, Eako Udalagaz elkarlanean, geldialdia egin du herrian, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zaizkie eatarrei nahiz hurreraturiko guztiei. Egitasmoaren aurkezpena gaur egin dute, Eskolondon. Bertan, erakusketa grafikoa eta informazio zein merchandising gunea ipini dituzte. Moila inguruan kokatutako Beletxen egitea aurreikusita baldin bazuten ere, azkenean Eskolondoko arkupeetan eta aurrealdean egin dute aurkezpen agerraldia, eta bertan parte hartu dute Eako alkate Iratxe Arriolak eta Elkano Itsas Herria ekimeneko ordezkari Iñaki Goikoetxeak.
Goikoetxeak argitu du erakusketako paneletan proiektuan parte hartu duten herrien itsas ondareari buruzko informazioa ageri dela. “Orain arte bisitatu ditugun portuen eta tokiko itsas bizitzaren inguruko informazioa irakurri daiteke plaketako bakoitzean”, azaldu du. Normalean, portu bakoitzera Juanita Larando izeneko XVIII. mendeko patatxa eta arraunlariak eroan ohi dituzte, baina ontziaren eta Eako badiaren zein kaiaren dimentsioek galarazi egin dute aurkezpenean itsasontzia ere egotea.
Arriola alkatea “pozarren eta asebeteta» agertu da Ea ere Elkano Itsas Herria proiektuaren parte izatearren, eta, era berean, eatarren parte hartzea eta inplikazioa nabarmendu ditu: “Erakusketako Eari dagokion panela herritarren eta herriko eragileen parte hartzeagaz egin da; esate baterako, eatarrek zenbait argazki zahar utzi dituzte proiektu horretarako, eta beren interesa agertu dute, Ea itsasoagaz estu-estu lotutako udalerria dela frogatuz”. Panel horretan ageri dira, besteak beste, Eako herriaren historian itsasoagaz eta ondareagaz erlazionatutako hainbat mugarri.
Historia zatiak paneletan.
Erakusketa grafikoaren barruan, Eari dagokion panelean denetariko informazioa ikusarazi dute. Batetik, idatzizko dokumentu batean Ea edota orduko Hea estreinako noiz agertu zen erakutsi dute: 1334an izan zen, Alfontso XI.ak idatziriko eskutitz batean, hain zuzen ere. Bestetik, Martin Urtubiagaren esangura ere nabarmendu dute: 1492. urtean, Cristobal Colonen Ameriketarako lehen espedizioan parte hartutako itsasgizon eatarra izan zen Urtubiaga.
Horrez gain, Eak balearen arrantzan izandako egitekoaren erakusle ere bada panel hori. Izan ere, bertan azaltzen da Eako arrantzaleek nahiz talaieroek, inguruko herrietakoekin batera, zelako garrantzia eduki zuten baleen harrapaketan XIII. mendetik XVIII. mendera arte. Iraganeko bizimoldearen inguruko informazio gehigarria ere badakar: 1741. urtean Eako portuan zeuden itsasontzi motak eta kopurua zein den jakitea lortu dute, eta Eako, Natxituko zein Bedaronako kostaldeko haitzen zerrenda ere bistaratu dute, Ba al dago izen gabeko hitzik itsasertzean? izenburupean.
Erakusketa eta informazio gunea Eskolondon jendearentzako zabalik eta ikusgai egongo dira bihar ere, 11:00etatik 20:00etara. Horrez gain, Eak kontserbagintzagaz daukan lotura azpimarratuko dute bihar, 12:00etan hasita. Hain zuzen, Antxoa lantzen izeneko tailerra egingo dute.
Arriolak azaldu duenaren arabera, eskabetxea eta, oro har, antxoaren kontserbagintza “modu estuan lotuta” egon dira Eako bizimoduagaz joandako mendeetan eta, horrenbestez, gaurko ikastaroak “industria eredu tradizonal horren ingurukoak hurragotik ezagutzeko aukera emango du”. Bestalde, Elkano eta Euskal Herria. Nola egin zen posible lehen mundu bira liburua egongo da gaur salgai informazio gunean; Euskal Itsas Museoak editaturiko liburua da, Elkano Fundazioaren, Albaolaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzagaz, eta bertan azaltzen da zergatik izan zen euskaldun bat munduari lehenengo biraren kapitaina. “Alegia, ez zela ustekabekorik izan, baizik eta Euskal Herriko ontziteriak XVI. mendeko mendebaldeko merkataritza ibilbideetan zuen hegemoniaren ondorio logikoa izan zela argitzen du liburuak”.
Uda honetan, Elkano Itsas Herria egitasmoa eta bere ordezkariak Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdiko 25 herri bisitatzen ari dira. Irailaren 12tik 14ra bitartean, proiektuak Mundakako geldialdia berreskuratzeko aukera izango du, ekainean bakarrik patatxaren bisita eman ahal izan zutelako, eguraldi txarraren ondorioz. Hortaz, oraingo honetan, mundakarrek erakusketaz, informazio puntuaz eta jarduerez gozatzeko aukera izango dute.
Portuz portu, musikagaz.
Bestalde, ekainean Lekeition egindako geldialdian grabatutako Bi mundu kantaren bideoklipa estreinatu zuten uztailaren 29an Xabi Solanok eta Elkano Fundazioak. Uda honetan euskal kostaldea zeharkatzen ari den Juanita Larando patatxa da bideokliparen protagonista, baita Kimua Dantza Kolektiboko, Oinkari Dantza Taldeko, Aukeran Dantza Konpainiako, Bizkargi Dantza Taldeko eta Kresala Dantza Taldeko dantzariak ere. Gainera, Euskal Herriko hainbat musikarik parte hartu dute: Aritz Beristain (bateria), Aitor Zabaleta (baxua), Txus Aranburu (teklak), Zigor Lampre ( sampler), Iñigo Egia (perkusioa), Arkaitz Miner (sokak), Ander Sanjose (panderoa), Moonshine Wagon taldeko Lander eta Goiatz (koruak).