Bihar hasiko dira Izarrako jaiak
Aurten, berriro ere, Bermeoko erraldoi txikien taldeak jardueraz beteko du Izarrako frontoia. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute.
Badatoz KIETB Bermeoko erraldoi txikien taldeak antolatzen dituen Izarrako jaiak. Hiru eguneko egitaraua antolatu dute, bihar hasi eta barikura bitartean. Protagonista nagusiak, ohi legez, erraldoiak izango dira, hainbat kalejira egingo baitituzte. Hala ere, beste hainbat jarduera antolatu dituzte, batez ere, herriko umeen gozamenerako.
Bihar (abuztuak 31), 20:00etan hasiko dira Izarrako jaiak pregoiagaz eta hasierako txupinagaz. Ostean, kalejira egingo dute Kix -Kix ile apaindegiraino. Bertara iritsita, bertaratutakoek Xixilitxikirekin argazkiak ateratzeko aukera edukiko dutela azaldu dute antolatzaileek.
Etzi (irailak 1), 11:00etan hasita, kalejira luzeagoa egingo dute erraldoiekin, eta kalejira horretan, gainera, Etxanoko auzo elkarteko erraldoi txikien laguntza izango dute. 11:30ean iritsiko dira Izarrako frontoira, eta 11:45ean kalejiran joango dira azokaraino. Beranduago, 12:30ean, erraldoien dantzak ikusteko aukera egongo da. 13:30ean agurtuko dituzte erraldoiak Izarrako frontoian.
Arratsaldez, baina, jai egunagaz jarraituko dute. 17:30ean Motx pailazoagaz kantu eta dantza egiteko aukera izango dute bertaratutakoek Izarrako frontoian. Ikuskizunaren ostean, umeek tailer eta joko desberdinetan parte hartzeko aukera edukiko dute, 20:00ak bitartean.
Barikuan (irailak 2), 12:30ean aterako dira berriro erraldoiak kalejiran. 20:15ean suzko zezena eta urezko adarbakarraren txanda izango da, eta ostean egingo dute Xixilitxikiren doluzko ibilbidea; azken agurraren ostean erreko dute Xixilitxiki. Xixilitxikiri su eman aurretik, gomazko erraldoi bat zozkatuko dutela azaldu dute, eta horretarako boletoak salgai egongo dira euro batean, arratsalde horretan.
Herritarrak animatu dituzte bertaratzera, “ondo pasatuko baitute”. Euria egingo balu, hala ere, jarduerak bertan behera geratuko liratekeela azaldu dute antolatzaileek.