Txirrindularientzako informazio seinaleak jarriko dituzte eskualdeko mendateetan
Seinaleek igoera bakoitzaren datu nagusiak emango dituzte; altitudea, luzera, desnibela eta malda maximo eta ertainak, bai eta bidearen erabiltzaile guztiei txirrindulariak aurreratzeko segurtasun-distantzia errespetatzeko jarraibideak ere.
2023an hasiko da Bizkaiko Foru Aldundia txirrindularientzako informazio-seinaleak jartzen. Bizkaiko errepide sareko 47 mendatetan jarriko dituzte hain zuzen ere, tartean Aretxabalganen, Gerekizen, Muniketaganen, Nabarnizen, Paresin, Errigoitin, San Pelaion eta Solluben. Seinaleen helburua txirrindulariei mendateen ezaugarri nagusiak ezagutzera ematea izango da.
Jakinarazi duenez, seinaleak portuaren hasieran eta gailurrean egongo dira, eta igoeraren datu nagusiak erakutsiko dituzte: luzera, kota goreneko altitudea, desnibela, batez besteko malda eta gehieneko malda. Gainera, igoera bakoitzaren hasieran eta amaieran dauden seinale horiek mugarri kilometrikoekin osatuko dituzte, gailurreraino geratzen den distantzia eta dagokion kilometroaren batez besteko malda adieraziz.
Horrez gain, errepide horietan txirrindulari asko ibiltzen direnez, aurrerapenetan nahitaez 1,5 metroko gutxieneko distantzia gorde behar dutela gogoraraziko diete seinaleek bide-erabiltzaileei.
Koloreekin. Mendate gehienak kolore gorriagaz identifikatuta egongo dira, baina sei mendate horiz seinaleztatuta egongo dira, Frantziako Tourreko bi etapetako igoerak direnak eta Bizkaiko errepideetatik igaroko direnak Grand Depart Pays Basque 2023an: Unbeko igoerak Laukiztik, San Pelaioko igoera Bakiotik, Aretxabalganekoa Morgatik, eta Viverokoa Urgoititik (lehenengo etapari dagozkionak), eta Trabakuakoa Berrizetik eta Milloikoa Markina-Xemeindik (Amorebieta-Etxanon hasiko den hirugarren etapari dagozkionak).
Seinaleak jarriko dituzte dituzten portuen zerrenda ondorengoa da:
- Andraka, Maruriko isurialdetik eta Plentziakotik.
- Aretxabalgane, Larrabetzu eta Morgatik
- Avellaneda, Otxaran eta Sopuertatik
- Bizkaiko Balkoia, Zugastietatik
- Barazar, Zeanuritik
- Bezi, Sopuertatik
- Bikotx-gane, Arteaga eta Orozkotik
- Dima, Dimatik
- Gerekiz, Muxika eta Olabarritik
- Goiuria, Iurretatik
- Gontzugaraigane, Ziortza-Bolibar eta Munitibarretik
- Humaran, Gueñesetik eta Sopuertatik
- Jata, Bakiotik
- La Escrita, Karrantzatik
- Las Muñecas, Sopuertatik
- Lekoitzgane, Aulesti eta Markina-Xemeindik
- Milloi, Plazakolatik (Markina-Xemein)
- Muniketagane, Arriandi (Iurreta) eta Ibarruritik (Muxika)
- Nabarniz, Uarkatik (Arratzu)
- Paresi, Busturia eta Soietxetik (Mungia)
- Errigoitia, Olabarri eta Gernikatik
- San Kosme, Gordexolatik
- San Pelaio, Bakio eta Bermeotik
- Sarasola, Artea eta Zeberiotik
- Sollube, Bermeo eta Larrauritik
- Trabakua, Berrizetik
- Ubal, Karrantzatik eta Lanestosatik
- Unbe, Laukiz, Loiu eta Plentziatik
- Urkiola, Mañariatik
- Vivero, Urgoititik.