Gernika eta Irun, bonbardatutako bi herri
86 urte beteko dira 1936ko irailaren 5ean Irun eta Hondarribia indarkeriaz hartu zituztenetik, eta urteurren hori gogoratzeko Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak antolatu duen oroimen ekitaldian parte hartuko du Gernika Batzordeak.
86 urte beteko dira aurten 36ko gerran Irun eta Hondarribia indarkeriaz hartu zituztenetik. 1936ko irailaren 5ean gelditu zen Behe Bidasoa matxinatuen esku, abuztuaren 23aren eta irailaren 4aren bitartean matxinatuek ingurua bonbardatu ostean. Eta, aurten, urteurren hori gogoratzeko Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak antolatu duen oroimen ekitaldian parte hartuko du Gernika Batzordeak; hain zuzen ere, irailaren 1ean, 18:00etatik aurrera, Irungo Palmera montero guneko 5. gelan, Gernikako eta Irungo bonbardaketei buruzko azalpenak eskainiko dituzte, eta Gernika Batzordea. 1976tik kontakizun kaleidoskopikoa eraikitzen dokumentala proiektatuko dute.
Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak adierazi duenez, Atlas de Bombardeos en Euskadi ikerlanaren arabera, matxinatuek 34 eraso gauzatu zituzten Behe Bidasoan: “Gunerik erasotuena Irungo hirigunea izan zen, eta izua ezartzeko helburuarekin bonbardatu zuten”. Zehaztu dute eskualdea bonbardatzeko Breguet 19 bonba jaurtitzaileak, Fokker F-VII trimotoreak eta Junkers Ju52 hegazkinak baliatu zituztela. Aireko eraso bortitzenak abuztuaren 26tik 29ra bitartean gauzatu zirela diote, eta gehitu dute, ikerketek ziurtatu modura, 1936ko irailaren 4ean su bonbak erabili zituztela Irunen. Bertako Pospolo fabrikako sutea matxinatuen bonbardaketen ondorioz hasi zela ere azaldu dute.
Gernikako eta Irungo bonbardaketak gezurrez estaltzen saiatu zirela salatu du Bidasoako memoria elkarteak: “Gezurrak inposatu zituzten. Sevillako ABC egunkariak 1936ko irailaren 29an honako hau idatzi zuen Irungo bonbardaketari buruz: casas del centro de la poblacion incendiadas por los rojos. Eta hurrengo hau jazo zuen Gernikako bonbardaketaren ostean: son los separatistas los que han incendiado Gernika, con una morosa perversidad de sacrilegios“.
45 urteko herri memoria.
Gernika Batzordeak diktadura garaitik gaurdainoko bilakaera du, eta batzordearen lehen ekintzetako bat 1987ko apirilaren 26an egindako Gernikaren egia izeneko mahai ingurua izan zen. Hain zuzen ere, Gernikako bonbardaketari buruzko gezurrak deuseztatzeko ekintza izan zen hori. Orduz geroztik, bonbek txikitutako bizitzak eta bizipen zatiak batzen lan egin du batzordeak, 45 urteko herri memoria eraikiz. Momentu historiko bakoitzaren zerbitzura jarri eta “beti gatazka politikoen aurrean soluzioak” bilatu asmoz egin dute lan batzordekoek.