Gaztelugatxen egon da gaur Bermeoko Udalbatza, uhartexka Bermeorena dela zehazteko
Gaztelugatxera abiatu orduko, udalbatzak kalejira egin du txistulariekin.
San Juan Degoiladu eguna da gaur, eta ohiturei eutsita, Bermeoko Udalbatza Gaztelugatxeko San Juanera da, uhartexka Bermeorena dela zehazten duen agiria sinatzeko.
Tradizioz betetako eguna da San Juan Degoiladu Bermeo eta bermeotarrentzat. Lehenik eta behin, 10:00etan, Goiko Plazatik hasita, Bermeoko Udalbatzak kalejira egin du txistularien laguntzagaz. Ohi legez, Sanjuanportalen amaitu dute kalejira, eta handik Gaztelugatxeko San Juanera abiatu dira.
Udalbatzaren zain zegoen Gaztelugatxe gainean Araneko auzo alkatea, ongietorria emateko eta Bermeoko alkateari auzoko makila emateko. Hala, abuztuaren hasieran azken urteetan Araneko alkate izan den Jose Angel Lasaren lekua hartu duen Rafael Alegriaren eskutik jaso du aurten makila Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Bakioko Udalaren ordezkariak ere han egon dira, ohi legez.
Meza bereziak egon dira gaur Gaztelugatxeko baselizan, 11:00etan eta 12:00etan. 11:00etako mezaren ostean, Gaztelugatxeko Batzordeko kideekin egon da Abaroa alkatea, eta bertan egiten dituzten lanen berri izan du.
Ikurrina eta Bermeoko bandera eta udalekoa altxatu eta Gaztelugatxeko baselizaren kanpoko aldean dagoen kanpaia jo du hiru aldiz alkateak. Ondoren, udaleko idazkariak Gaztelugatxera egindako bisitaren akta egin eta alkateak, auzo alkateak, zinegotziek eta idazkariak sinatu dute.