Eneko Goieaskoetxea Zaballako espetxera hurbildu dute
Busturiko Sarek zapatuan zabaldu zuen busturiarra Kantabriako El Duesotik Arabako Zaballa kartzelara lekualdatu dutela.
Eneko Goieaskoetxea Arronategi busturiarra Kantabriako El Duesotik Arabako Zaballa kartzelara hurbildu dutela jakitera eman du Busturiko Sarek. Lekualdaketa barikuan egin zutela aipatu dute.
“Aipatu lekualdaketa bere eskubideak errespetatzea baino ez da, inondik inora ez da mesedea”, diote Busturiko Saretik. Hala, Goieaskoetxeari dagozkion gainontzeko eskubideak (irteera baimenak, baldintzapeko askatasuna…) “ahalik eta arinen” bete daitezen espero dute, “eskubide kontua” baino ez delako horien arabera.
Espainiako Barne Ministerioak iazko otsailean jakinarazi zuen euskal preso busturiarra Alamatik (Pontevedra, Galizia) El Dueso kartzelara lekualdatuko zutela. Aste batzuk beranduago iritsi zen Goieaskoetxea El Dueso espetxera, eta han egon da barikura arte.